Garraio publikorik ez duten auzoetarako taxi zerbitzua jarriko du Zestoako Udalak

Olatz Prat 2014ko uztailaren 11

Herritarren bizi kalitatea hobetu eta udaleko Gizarte Zerbitzuak indartu asmoz, garraio publikoa iristen ez den auzoetarako taxi zerbitzu babestua ezarriko du Zestoako Udalak datorren astetik aurrera. Udal aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan Gizarte Zerbitzuen atalean herritarrek egindako eskaerari erantzun nahi dio udalak honela. Aitzindaria izango da, gainera, oraindik ez baitute ezagutzen, Euskal Herrian behintzat, era honetako sistemarik duen beste herririk. Erabiltzaileei dagokionez, Aizarnan, Arroa Goian, Endoian, Akuan eta herrigunetik urrun dauden baserrietan edo etxeetan bizi diren herritarrentzat izango da taxi zerbitzua. Nolanahi ere, baldintza batzuk bete beharko dira zerbitzu hau erabili ahal izateko: 65 urtetik gora edukitzea edo adin hori bete gabe, eguneroko bizimoduko jarduerak betetzeko bere autonomia mugatzen duen ezintasunen bat edukitzea, hain zuzen. Dena den, baldintza hauek bete ez arren, zenbait herritarrek zerbitzu honen beharra balute, udaleko Gizarte Zerbitzuek aztertu eta baloratuko lukete kasu bakoitza. Gizarteratzea ere helburu Kirol, Gizarte Zerbitzu eta Auzoetako zinegotzi Iban Narbaizak azaldu duenez, «zerbitzu honen helburua ez da edozeinek, edozein ordutan eta edozertarako erabiltzea taxi hauek. Gehiago da anbulatoriora, farmaziara, udaletxera edo bestelako zeregin berezietarako herrigunera etortzeko bestelako modurik ez duenari laguntzea». Helburu nagusi horrez gain, osagarriak eta lehenaren ondorio  diren beste helburu batzuk ere bete nahi dira, ordea. Hala nola, erabiltzaileak beren komunitatera integra daitezen bultzatzea eta baztertze, bakardade, isolamendu sozial eta norbere buruaren abandonu kasuak saihestea; erabiltzaileen autonomia galtzea konpentsatzea; adineko eta mendeko herritarren trebezia sozialak mantendu eta indartzea, eta lotura familiar eta sozialak gertu izaten eta mantentzen laguntzea. Bidaia bakoitza bi eurotan Zerbitzua astelehenetik ostiralera emango da, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara. Gaur egun herrian taxi lizentzia duten bi taxi gidariek emango dute zerbitzu hau. Bidaia txartel sorta bidez antolatuko da sistema. Bi hilabetero berritu ahal izango den 10 bidaiako txartela eskatu beharko du erabiltzaileak udaletxean, eta Gizarte Zerbitzuek eskatutako baldintzak betetzen direla ziurtatuko dute ondoren. Txartela 20 euro kostako da, 2 euro bidaiako, beraz. Titularrak soilik erabili ahal izango du, gainera, zerbitzua. «Gerta daiteke erabiltzaileren batek bi hilean 10 bidaia baino gehiago egin beharra izatea, esaterako, anbulatoriora sarri etorri beharra eragiten dion gaitzen bat duelako —azaldu du Narbaizak—, kasu horiek ere aztertu egingo dira eta salbuespenak egin ahal izango ditu udalak». Zerbitzua abian jartzeko arauak zehaztu dituzte orain, baina aldaketak egin ahal izango dituzte sortzen diren behar zehatzen arabera. Edozein kasutan, zerbitzua modu arduratsu batean erabiltzeko eskatu die udalak herritarrei, eta modu oker edo maltzurrean erabiltzen duten herritarrek, zerbitzurako eskubidea galduko dutela jakinarazi du Narbaizak. Informazioa - Norentzat? 65 urtetik gorako herritarrentzat edo ezintasunen bat dutenentzat. - Nongoentzat? Aizarna, Arroa Goia, Endoia, Akua eta herrigunetik urrun dauden etxe eta baserrietako bizilagunentzat. - Nola? Bi hilabetez behin berrituko den 10 bidaiako txartelarekin. 20 euro kostako da txartela. - Noiz? Astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 20:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide