Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Imanol Barruetabeña eta Unai Gereka piraguista jubenilek Munduko Txapelketa jokatzeko eskubidea irabazi zuten uretan lehiatuta, eta Irati Osak ere aukera handiak ditu txartela lortzeko. Baina Mundiala Oklahoman (AEB) da, eta Espainiako Federazioak ez ditu gastuak bere gain hartzen. Kirolari bakoitzak 3.000 euro behar ditu bidaiako gastuak ordaintzeko, eta klubak zozketa bat antolatzea erabaki du, dirua ateratzeko. «Espainiako Federazioak ez du sosik jartzen, dena kirolariak ordaindu behar du; baita arropa ere», azaldu du Itxas-Gaineko kide Josu Ansolak.
Ekainean Europako Txapelketan izan ziren Imanol Barruetabeña, Unai Gereka eta Irati Osa –mutilek brontzea lortu zuten K2an eta Irati laugarren izan zen, Ainhoa Hidalgorekin–. Eslovakian jokatu zen eta Itxas-Gainek 600 euro jarri zituen kirolari bakoitzeko. Mundiala, ordea, Ameriketako Estatu Batuetan izango da, Oklahoman –irailaren 25etik 28ra–, eta bidaia askoz garestiago ateratzen da. «Kalkulatzen dugu bakoitzak, gutxienez, 3.ooo euro beharko dituela gastuak ordaintzeko, eta klubak ezin du dirutza hori bere gain hartu».
Dirua osatzeko zozketa bat jarri dute martxan. «Pentsatu genuen lagundu egin behar geniela dirua lortzen. Oier Aizpuruak kirolarien artean dauzkan kontaktuak aprobetxatuta, pentsatu genuen kirolari ezagunei objektuak eskatu eta zozketa antolatzea». Dagoeneko 30etik gora bildu dituzte. «Futbolarien elastikoak dauzkagu, Realekoenak eta Athleticekoenak; Illarramendirena ere lortu dugu, Real Madridekoa; txirrindularienak eta Irujo eta Barriola pilotarienak; Alex Urangak taula bat eman du, Aritz Aranburuk bisera bat… Eta oraindik gehiago ari gara biltzen».
Txartelak bi euroan salduko dituzte, eta bakoitzean bi zenbaki izango dira. Uda osoan salduko dituzte, eta zozketa Olarro Egunean egingo dute, 20:00etan, Magnolioaren aurrean. Zozketaz gain, kontu korronteko zenbaki bat ere zabaldu dute, nahi duenak diru ekarpena egin dezan: (Kutxabank) 20955174909113899462
Imanol Barruetabeñak eta Unai Gerekak irabazia dute Oklahomara joateko eskubidea. Irati Osak oraindik borrokan jarraitu beharko du. Abuztuaren 1etik 3ra Pontevedran jokatuko den Espainiako Kopan erabakiko da Irati Osa eta K2ko bikotekide Ainhoa Hidalgok txartela lortzen duten. Ekaineko Europako Txapelketara joan aurretik apenas izan zuten elkarrekin entrenatzeko aukerarik, eta hori gero nabaritu egin zuten estropada hasieran. Pontevedrara konfiantza gehiagorekin joango dira. Barruetabeñak eta Gerekak, berriz, entrenamenduen planifikazioa iraileko Mundialera daukate bideratuta eta Pontevedran ez dira sasoi puntu onenean egongo. Hala ere, joan den asteburuan Plentzian jokatutako estropada irabazi zuten. Aipatzekoa, baita ere, Martin Egañaren hirugarren postua K1ean.