Bihar eguerdian Sakonetara, arratsaldean Urolako estropada

Baleike 2014ko uztailaren 11

Estropadaz beteta dator asteburua Zumaiako Itxas-Gaineko piraguistentzat. Larunbat eguerdian izango dute lehen hitzordua, Zumaia-Sakoneta-Zumaia itsas zeharkaldiarekin. Gipuzkoako Txapelketa egongo da jokoan, eta bi modalitate izango dira. Esprinteko ontziena izango da maila nagusia, eta 12 kilometroko estropada jokatuko dute. Modalitate tradizionala motzagoa izango da. Estropadaren ibilbidea aldatu egiten dute urtetik urtera, olatuen norabidearen arabera. Olatuen kontra joaten dira gero buelta olatuekin batera egiteko. Bakarkako eta bikotekako ontziak izango dira lehian, eta tartean ez dira zumaiarrak faltako. Eguneko bigarren estropada, Urolako Igoera-Jaitsiera, arratsaldean izango da, 17:00etan hasita. Irteera Santiagoko hondartzan izango da, ohi bezala. Momentu ikusgarria izaten da, piraguistek hondarretatik uretaraino korrika egin behar izaten baitute piragua eskuan dutela. Piragua bat baino gehiago irauli ohi da, kolpeen ondorioz. Behin ontzira igota, Santiagoko eskoilera gainditu eta Urolan gora egiten dute, Beduako zubia pasata dagoen buiaraino. Han ziaboga egin, eta berriro beherantz etorriko dira. Arranpla parean izan ohi da helmuga, baina aurten itsas kiroldegian amaituko da estropada. Hori bai, aurrena Arranplaraino joan, han ziaboga egin eta berriro gorantz etorriko dira, klubaren parean amaitzeko. Euskal Herriko piraguistez gain, Espainiatik ere espero dira: Madrildik, Asturiastik, Kantabriatik, Palentziatik… etorriko dira. Larunbateko bi estropadekin nahikoa ez, eta igandean Bidasoako jaitsieran izango dira Itxas-Gaineko piraguistak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide