Familia bat kayaka probatzen Arraunetxean. (Egilea: Aiora Larrañaga)
Arraunetxearen aisialdi zerbitzua martxan jarri dute, eta aurrerantzean arrauna bertatik bertara ezagutu nahi duen herritar orok horretarako aukera izango du. Gaur Orioko alkate Beñat Solaberrietak zerbitzuaren aurkezpenean azaldu duenez, herritarrek aspalditik eskatzen zuten aisialdian arrauna egiteko aukera izatea. «Orion arraunaren kultura handia da, baina orain arte herritar soilek ez zuten denbora librean arrauna egiteko aukerarik. Oriotarrengana eta arraunean egin nahi duten herritar guztiengana iritsi nahi genuen, eta horregatik pentsatu genuen aisialdian arraunean egitea ahalbidetuko duen zerbitzua eskaintzean», zehaztu du. Begi-bistan enpresak kudeatuko du zerbitzu berria, eta aurrerantzean arraunean hainbat diziplina egiteko aukera izango da Arraunetxean.
Aisialdi zerbitzuko arduradunek azaldu dutenez, bi ildo jorratuko dituzte. Alde batetik, ontziak dituzten herritarrek urtean zehar horiek Arraunetxean uzteko eta aisialdi guneko azpiegiturak erabiltzeko aukera izango dute, apalak alokatuta.
Bestetik, herritarrek arraunean egin dezaten materiala alokagai izango dute: kayakak, hainbat tamainatako tostako arraunketa ontziak, arraun surf oholak, ur geldoetarako rafting ontziak eta aulki mugikorrak. «Adin guztietako publikoari zuzendutako jarduerak eskaini nahi ditugu, eta ildo horretatik, ezintasunen bat duten herritarrek ere Arraunetxean kirola egiteko aukera izango dute», azaldu dute. Horretarako Begi-bistan enpresak ikastaroak eta saioak antolatuko ditu ezintasunak dituzten pertsonentzat, Amaia Cadarso kilol egokitu, aisialdi eta turismo irisgarriko teknikariarekin elkarlanean. «Gure helburua aisialdi jarduerak eta kirola denen eskura jartzea da, eta Arraunetxeak horretarako aukera aproposa eskaintzen du», adierazi du Cadarsok.
Euskadi eta Arrauna
Arrauna Orioko itsas ondare bizi-bizia izanik, Euskadi eta Arrauna izeneko jarduera eskainiko dute Arraunetxean Basquetour Turismo Agentziaren eskaintzaren barruan. Orioko Arraun Elkarteak, Satxota Sagardotegiak eta Begi-bistan enpresak elkarlanean sortu dute hiru orduko irteera, eta bertan arrauna eta sagardoa uztartuko dituzte.
Jarduera horretan parte hartzen dutenek lehenik eta behin herrigunean arrauna nondik datorren ezagutuko dute, ogibide izatetik kirol izatera nola pasa zen, besteak beste. «Ez da ahaztu behar, arrantzaleek traineruekin itsasora atera eta arrantzatzen zuten arraina saltzeko bentara itzuli behar zutela. Aurrena iristen zenak saltzen zuen arraina prezio onenean, eta ontzien artean lehia izaten zen; norgehiagoka horiek izan ziren traineru estropaden aintzindariak», azaldu zuen Violeta Bandres turismo gidariak. Behin arraunaren jatorria ezagututakoan, Arraunetxetik abiatuta arraunean egingo dute bisitariek Orioko Arraun Elkarteko Ibon Urbietak gidatuta. «Arrauna maite dugunok oso gustura gaude ekimenarekin. Arraunzale asko dago Euskal Herrian, baina zaila da aisialdian arraunean egitea. Esperientzia honek arrauna sentitzeko aukera eskainiko die herritar guztiei, eta gu ahal dugun neurrian gure esperientzia transmititzen saiatuko gara», gehitu zuen oriotarrak.
Arraunean egin eta gero, Satxota Sagardotegian sagardo dastaketa egingo dute bisitariek. Bandresek azaldu duenez, sagardoa beti izan da presente arrantzaleen bizitzan. «Euskal Herrian sagardoa edaten genuen eta arrantzaleak izan ziren modu batera edo bestera sagardoa munduan zehar zabaldu zutenak. Ternuara joaten ziren euskaldunen hainbat testigantzetan, esaterako, sagardoaren inguruko kontuak agertzen dira», zehaztu zuen Bandresek; horregatik, arraunaren eta sagardoaren arteko uztarketa naturala dela uste dute antolatzaileek.
Euskadi eta Arrauna esperientziaren inguruko informazio praktikoa eskuratu nahi dutenek edo egitasmoan izena eman nahi dutenek
www. begi-bistan.com webgunean edo 943-862241 telefono zenbakira hots eginda izango dute horretarako aukera.