Trenaren museoaren etorkizuna Azpeitian bermatuko duen hitzarmen bat behar da Azpeitiko Udalaren ustez

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 10a

[caption id="attachment_69704" align="aligncenter" width="300"]Azpeitiko Burnibidearen Euskal Museoa. Azpeitiko Burnibidearen Euskal Museoa.[/caption]

Azpeitiko Udal Gobernuak oposizioaren jarrera kritikatu du, udal gobernuaren lanak eta egitasmoak oposizioak bereak egiten dituela esanez. Horretarako, adibide dezente dituztela esan du Iñaki Portilla Industria, Merkataritza eta Turismo saileko batzordeburuak. Madalena inguruko egitasmoa jarri du adibide EH Bilduko udal ordezkariak: "Oposiziokoek udal gobernuaren lanaz eta egitasmoez jabetu nahi izan dute lotsagabeki, eta udala eta garapen agentzia lantzen ari diren bidea oztopatu dute. Parte hartu ez duten egitasmoa berea bezala saldu dute, lotu gabeko akordioak zalantzan jarriz. Eta guztia, hauteskundeetan bozak irabazteko, erreala ez den publizitatea lortzeko", agertu du .

Oposizioak herriaren alde lan egiteko nahiko arlo eta eremu badituela uste du udalak, eta horregatik, herri honentzat "ona" nahi badute arduraz jokatzeko eskatu. Portillaren arabera, "oposizioak ahal duen eremuetan herriari lagundu behar dio, esaterako Eusko Jaurlaritzan duen ardura kontutan hartuta, hor dago Trenaren Museoa".

Ekonomia suspertzeko, Azpeitiko turismoarekiko apustua egin dute, eta hor Trenaren Museoa estrategikoa dela uste du udal gobernuak: "Fundazioa likidatu eta desegitearekin batera, Trenaren Museoko zerbitzuen osotasuna eta Museoaren garapena eta etorkizuna bermatuko lituzkeen konpromisoak edo hitzarmenak egongo zirela esan ziguten Jaurlaritzako arduradunek. Eta, horrela, Azpeitiko herriari Museoan parte hartzea eskainiko eta baimenduko zion akordio bat ere izango zela". Hori dela eta, orain EH Bilduk osatzen duen udal gobernuak, Trenaren Museoaren etorkizuna Azpeitian bermatzeko beharrezko neurriak eskatu ditu. Horrez gain, "kudeaketa gardena, arduratsua eta administrazio publikoen kontrolpean partekatua izatea ahalbideratzeko hitzarmena behar dugu", esan du Azpeitiko Udaleko Industria, Merkataritza eta Turismo saileko buruak.

 

“Argi dago batzuek jada hauteskunde kanpainan hasita daudela, guk herria kudeatzen jarraituko dugu”, amaitu du Portillak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide