Murrizketek itzal handiagoa eragiten dute emakumeengan

Nerea Uranga 2014ko uztailaren 9a

Genero ikuspegia Duintasuna plataformaren barruan beste oinarrietako bat dute. Horretarako, emakumeen talde bat ere osatuta dute mugimenduaren barruan «joaten garen tokira edo erakundeetara goazenean emakumearen aurpegia jartzeko», azaldu dute plataformako Arrosa Bordak eta Mari Kruz Etxeberriak. Murrizketek jubilatu eta pentsiodun emakumeen egoera okerrera eramaten dutela uste dute: «Lehendik emakumeek pentsio baxuagoak ditugu, txikienak. Oro har gizonek baino diru sarrera txikiagoak ditugu, eta asko pobrezia egoeran daude». «Etengabeko murrizketek» azkenean pobrezia dakartela salatu dute : «Pentsio murrizketek, botiken berrordainketak, mendekotasun legearen inguruko murrizketek, zahar etxeetako bizi kalitatearen okertzeak... Horrek guztiak pobrezia dakar». Orokorrean, Duintasunak dituen aldarrikapenek «emakumearen aurpegia» dute: «Pentsioa murrizteak gehiago eragiten dio emakumeari; baita botikak berriro ordaindu beharrak ere, egun guztian martxan egoteko gehiago behar delako». Lana eta bakardadea Erretiroa hartzeko adinean egon arren, emakumeek «zeregin nagusiez arduratzen segitzen dute» Duintasunakoen arabera: «Nahiz eta adinean aurrera joan, emakumeok lan gehiago egiten segitzen dugu: esaterako, etxeko adinekoen eta biloben zaintza lanetan segitzen dugu. Askotan lan horrek guztiak eragin psikologikoak eta fisikoak ditu. Gure osasunean eta bizi kalitatean okerreko eragina dauka». Eurak zainduak izan behar dutenean, besteak zaintzen segitu behar dutela diote. Emakume jubilatu eta pentsiodunentzako, familiarekin eta egitura afektiboarekin duten lotura hori askatzea oso garrantzitsua da. Baina, horretarako, formazio aldetik lan asko egin beharra dagoela pentsatzen dute Duintasunakoek: «Emakumeok hori oso barneratuta daukagu, eta ondoren, bere eraginak dauzka». Emakumearen bakardadea ere nabarmena da adinekoetan. «Hainbat inkestetako eta azterketetako datuek agerian uzten dute adineko emakumeen bakardadea. Emakumeon biziraupena luzeagoa da, baina gehiago bizitzeak ez du esan nahi osasun ona edukitzea. Datuetan ikusten da, edozein adinetako emakumeok bizi kalitate okerragoa dugula», azaldu dute Duintasunako kideek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide