Zestoan, Saharara begiratzeko eguna

Olatz Prat 2014ko uztailaren 10a

Sahararen aldeko eguna ospatuko dute larunbat honetan Zestoan. Bigarren urtez jarraian, uda pasatzera Euskal Herrira etorri diren haurrek eta festarekin bat egin nahi duten guztiek ondo pasatzeko eta saharar herriarekiko elkartasuna adierazteko festa antolatu du Zestoako Wadna elkarteak. 13:00etan ongietorria egingo diete haur sahararrei. Aurten 60 bat ume elkartuko dira Zestoan; gehientsuenak, 40 inguru, Orduñako (Bizkaia) aterpetxe batean uda pasatzen duten haurrak izango dira, eta horiez gain, Donostiako beste aterpetxe bateko haurrak, eskualdeko familietan hartuta dauden haurrak eta familiak ere elkartuko dira. «Helburua, gehienbat, aterpetxean dauden haurrei zerbait desberdina eskaintzea da, han egotea ez baita familia batean egotea bezala», azaldu du Wadna elkarteko Inma Izetak. Denak elkartu ostean, herri bazkaria egingo dute. Bazkarirako txartela erosteko azken eguna da gaurkoa, eta Koiote tabernan daude salgai, haurrena 5 eurotan eta helduena, berriz, 8 eurotan. Bazkalostean puzgarriak eta jolasak ipiniko dituzte haurrentzako, eta 20:00etan Leok’k talde zestoarrak kontzertu bat eskainiko du. Haima bat muntatuko dute, gainera, eta egun osoan zehar tea eskainiko dute bertan. Antolatzaileek festan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak. Oporraldi bat baino gehiago Haur hauen egoera eta komunitate osoarena, oro har, «gero eta eskasagoa» dela azaldu du elkarteak. Izan ere, hemengo krisiagatik gero eta laguntza gutxiago iristen da hara. «Joan ere gero eta jende gutxiago joaten da, eta hori nabari da, hara joandakoan beti uzten baita diru pixka bat. Duela urte batzuk arte, Espainiako estatutik 10-15 hegazkin ateratzen ziren Tindufera Aste Santuan, eta aurtengoan hegazkin bakarra osatu da». Egoera larria da, beraz. Haurrak etxean hartzen dituzten familia kopurua ere behera doa azken urteotan. Horregatik, haur asko aterpetxeetan egoten dira. «Asko ari da jaisten familia kopurua eta, hori da gelditzen doan aukera bakarra», esan du Izetak. «Jendea animatu nahiko genuke udan haurrak har ditzaten, zuk beraiei ematen diezuna halako hamaika baita eurek zuri ematen dizutena», iritzi dio. Haur sahararrentzako oso komenigarria izaten da uda desertutik kanpo pasatzea. «Hemen osasun azterketa egiten zaie eta, esaterako, ikusmen arazoak konpontzen saiatzen gara, askok eguzkiagatik edo hareagatik kaltetuak baitituzte begiak», azaldu du Izetak. Elikadura gabeziak ere aztertzen dituzte, eta hemen egoten diren bi hilabeteetan gabezia horiek murrizten saiatzen dira. Baina, batez ere, bero jasangaitzetik aldentzeko modu bat da Euskal Herrira etortzea. Egunotan, esaterako, bero olatu baten ondorioz 50 gradu zentigradu inguruko tenperaturak dituzte Tindoufen. Izetak dioenez, «txikitatik azaltzen diete haurrei udako hilabeteetan handik ateratzea komeni zaiela. Berez haurrak ez dira kontziente ez han nola dauden, ez hona zergatik datozen. Baina, jakin badakite hobeto daudela horrela, eta familiak ere lasaiago daude haurrak hemen ondo daudela jakinda». «Oporraldi bat» izaten da haurrentzako Euskal Herrian egiten duten egonaldia, «eta zorionez etxera joateko gogoz egoten dira uda amaierarako. Azken finean, han dago beren etxea, eta han dute euren familia ere. Eta zorionez, diot, bestela oso zaila litzatekeelako guretzat». Izetak berak Saharako neskatila bat du bere etxean hartuta. Leok’k kausaren alde Zestoako Leok’k musika taldea ere aspalditik dago Sahararen aldeko borrokan murgilduta. Taldekide batek duela zortzi-hamar bat urtetik hartzen du etxean haur saharar bat, eta orduan hasi zen taldea euren musikarekin saharar kausaren alde egiten. 2010ean Une Bat diskoa kaleratu zutenetik, ugari izan dira Saharako herriari babesa emateko eskaini dituzten kontzertuak. «Sahararen aldeko elkartasun festa eta egun berezietan parte hartzen dugu, hainbat elkarterekin harremana dugu, eta horrelakoetan kontzertuak eskaintzen ditugu festa egunei amaiera emateko», azaldu du Gotzon Lizaso taldekideak. Une bat diskoan badira Saharari eginiko aipuak, «basamortuari eta Saharako emakumeei erreferentzia egiten diegu, esaterako». Hain zuzen, disko horren salmentatik eta kontzertuetan bildutako 8.000 euro eman zizkieten iaz Saharar Emakumeen Batasun Nazionalaren erakundeari, Saemek Saharako Emakumeei Elkartasun proiketuaren barruan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide