Behobia lasterketan ateratzeko hasi zen korrika entrenatzen, izatez korrikalaria baino gehiago mendizalea baita Jose Inazio Manterola (Orio, 1972). Hain zuzen, duela egun batzuk itzuli da Pirinioetatik. Eta prest da laugarrenez Ehunmiliak proban parte hartzeko. Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak mendi lasterketetan 657 korrikalarik hartuko dute parte. Korrikalariek ostiralean irtengo dute Beasaindik, 18:00etan Ehunmiliakoek eta 23:00etan Goierriko Bi Handiak probakoek. Ehunmiliak proba Urola Kosta eskualdetik ere pasatzen da: Zumarraga Urretxutik etorrita, Elosua, Madariaga, Azpeitia eta Zelatunetik pasatuko dira Tolosara bidean. Zerk erakartzen zaitu Ehunmiliak probatik? Batzuk esaten dute erokeria dela, baina probatzea pentsatu nuen. Mendiko martxen denboraldia hasten denean, asteburuetan haiek egiten hasi, pixkanaka kilometroak sartu, eta hala hasi nintzen. Hasieran Hiru Handiak egin nuen, 100 kilometro, eta hau pixka bat gehixeago dela, eta… Gainera, ondo antolatuta dago proba.
Zer izango da gauzarik zailena? Aurreneko urtean, bigarren gaua izan zen okerrena. 18:00etan ateratzen gara, eta lehen gaua ondo pasatzen da, baina bigarrena… Iaz azkarrago ibili nintzen Aizkorri eta kresta osoa egunez igaro nuelako, eta aurreko urteetan ilunpetan. Niretzat hori da txarrena. Aizkorri egunez igarotzen saiatu behar da. Zer sentitzen da mendian lasterka ilunpetan, gauez? Argia jartzen duzu, eta aurrera. Gehiago nekatzen da, atentzio gehiago jarri behar da, eta aurrean norbait badoa haren argia ikusten duzu eta jarraitu egiten diozu, baina bakarrik gelditzen bazara… Lorik egiten al da Ehunmiliak-en? Nik 40 ordu jarraian egiten ditut, jateko pixka bat geldituta. Eta ondorena, nolakoa da? Normalean autoz joaten naiz, eta beraz, proba amaitu eta hantxe egiten dut lo hiruzpalau orduz. Kiroldegian tokia edukitzen dute horretarako. Gero, hurrengo egunetan etortzen dira komeriak; egun batzuk behar izaten dira errekuperatzeko, baina… Hala ere, gustura egiten duzu. Bestela ez nukeen laugarrenez egingo! Zergatik hartzen duzu parte? Zer da, erronka bat zeure buruarekin? Nik aitzakiaren bat behar dut kirola egiteko, bestela alferkerian hasi eta bizpahiru hilabete ezer egin gabe egon naiteke. Zein asmorekin zoaz aurten? Aurreko urteetako denbora hobetzera, esaterako? Proba amaitzea da nire helburua. Gero, denbora hobetzeko aukera badago, saiatzen naiz; berotu egiten gara, eta badakizu. Baina inportanteena amaitzea da. Eguraldiak lagunduko ote du aurtengoan? Orain arte hiru urtetan Txindokira behin bakarrik igo gara. Beti eguraldi txarragatik bertan behera uzten dute zati hori; euriarekin lokatz asko egoten da, ibilbide motzekoak pasatzen dira aurrena Aralarko zatitik, eta dena lokaztuta egoten da. Berez, egokiena lehorra egotea da, baina bero handiegia ere ez da ona. Ateri badago eta bero gehiegirik ez, primeran niretzako. Motxilan zer eramango duzu? Eskatzen dutena: manta termikoa, zira, badaezpada aldatzeko galtzerdiak, hotz badago ere eskularru batzuk... eta jan pixka bat, baina ahalik pisu gutxienarekin beti. Proban aurreneko postuetan ibiltzen direnei dagokienez, zer maila dago zuretzat? Ni erditik aurrera ibiltzen naiz, baina aurreneko postuetan maila oso ona dago, dudarik gabe, eta azken urteetan gero eta azkarrago ibiltzen da jendea. Nola prestatzen duzu proba? Astegunetan hemen inguruan entrenatzen dut, asfalto gainean, edo bestela Kukuarrira igotzen naiz, eta martxoan, mendi martxak hasten direnean, zirkuituko egutegia ia osorik egiten dut; ia astebururo martxa bat, edo bi. Korrika eginda pixka bat gehiago jaten da, baina ibiltzea eta korrika egitea da kontua, eta kilometroak sartzea. Lesio aldetik nola ibiltzen zara? Orain arte zortea eduki dut, eta ez dut aparteko arazorik izan. Proba hau izango al da urteko zure helburu nagusia? Handiena, bai. Asteburuetako martxak egiten ditut, eta oporretan ere kanpora joaten naiz mendira. Halako proba bat egiteko korrika egiten urte askotan ariko zara. Orain 10 urte inguru hasi nintzen Behobia-Donostiarako prestatzen, eta mendian, berriz, Pagoetako Igoera izan zen aurrenekoa. Lagun batek gomendatuta probatu nuen mendikoa. Eta hala, pixkanaka hasi nintzen, mendian ibiltzea gustatu egiten zitzaidan eta mendiko martxetan hasi nintzen, pixkanaka gero eta luzeagoak egiten. Nola definitzen zara zeu: korrikalaria, mendizalea, mendi-korrikalaria? Mendia gustatzen zait gehiago, mendian ibiltzea. Hemendik urte bukaerara, beste lehiaketarik ba al duzu buruan? Desafio Cantabria martxa egiteko asmoa dut, 90 kilometrokoa da hura. Izena emanda dut jada, eta beraz, aitzakia badut egiteko.