Urrategiko amabirjinak herri-kirol, meza eta idi dema artean ospatuko dituzte

Ane Olaizola 2014ko uztailaren 10a

Gorriti bere animaliekin Azkoitiko zaindari den Urrategiko Ama Birjinaren jaiak ospatuko dituzte asteburuan, eta auzoko festa batzordeak prest du egitaraua. Biharko eta iganderako antolatu dituzte ekitaldiak, eta azken egun horretan herritar ugari bertaratzea espero dute. Izan ere, igandean modu batera edo bestera auzora joateko tradizio handia dago, eta azken urteetan eguna pasatzera joaten direnen ohitura hazi egin dela esan dute. Auzotarren herri-kirolak eta idi demak izango dira igandean, eta ekitaldi erlijiosoek ere tarte berezia izaten dute. Parrokiak Gau Gurtza egingo du auzoko elizan larunbat gauean, eta bertara joateko autobusa izango da 21:30ean, Urkijo kalean. Igandean, 09:00etan eta 12:00etan auzoan mezak izango direnez, parrokian  meza bakarra egingo dute, 10:00etan, gaztelaniaz, eta eguna amaitzeko 19:30ean Agurra abestuko dute, parrokian. Urrategiko festa batzordeak, bere aldetik, jaiak antolatzen lagundu duten guztiei eskerrak eman dizkie. EGITARAUA: Uztailak 11, ostirala - 22:00. Mus txapelketa azkarra. Uztailak 13, igandea - 09:00. Meza. - 11:00. Meza nagusia. - 12:00. Zubeldia eta Iban Urdangarin bertsolarien saioa. - 12:30. Herri-kirolak: Goenatxo III.a eta Xabier Aranburu Guzta harri-jasotzaileak eta Txikia IV.a eta Mikel Larrañaga aizkolarien saioa. - 13:30. Zabale eta Larrañaga trikitilarien saioa. - 16:30. Gorriti eta bere abereak. - 16:30. Ume jolasak,puzgarriak eta tailerrak. - 18:00. Azalgorretako Inozenzia mandoaren eta Aitor Olarrearen Moro idiaren arteko dema saioa. - Ondoren. Zabale eta Larrañaga trikitilariekin erromeria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide