Biotopoko pasabidea eraikitzen (Amaia Ventas/Hitza).
Zarauzko Malekoiko pasabideko lanen lehen fasea ari dira egiten; ekialdetik hasi eta mendebalderantz, igarobidea eutsiko duten bost metro inguruko zutoinak ari dira hondarretan sartzen. Zutabeak behar bezala finkatu ondoren, altuera berean moztu eta hauen arteko habe moduko batzuk jarri dituzte, horien gainean pasabide bera kokatzeko. Dunen mendebaldean oraindik zutoinak kokatzen ari diren arren, ekialdean dagoeneko hasi dira pasarela izango denaren zatiak jartzen. Izan ere, aurreikusitako epean amaitu nahi dituzte lanak, urriaren hasieran «parajeaz eta paseoaz gozatzeko» aukera egon dadin.
Neguko denboraleak kalte handiak eragin zituen Zarauzko itsasertz osoan. Malekoiko zati batzuk hondoratzeaz gain, dunen eremuan ere eragin handia izan zuten olatuek: dunak, dunen gaineko pasabideak eta golf zelaiaren zati batzuk ere eraman zituen itsasoak. Malekoiko konponketak amaitu dituzte dagoeneko, eta orain dunen gunea lehenbailehen bere onera itzultzea da Zarauzko Udalaren lehentasuna.
Oinezkoentzako pasabide berria aurrekoa baino 15-20 metro inguru barrurago egiten ari dira, itsasertzetik atzerago, alegia, gaur egun golf zelaia dagoen gunean, hain zuzen.700 metro inguruko luzera izango du, eta 2,5 metroko zabalera. Pasabidea dunatik 1,5 metroko altuerara egingo dute. Hala, dunaren izaera naturala babestu nahi dute, baita haren mugimendua bermatu ere. %6ko malda izango du, eta orain arteko egurrezko hesiaren ordez, sare bat jarriko dute golf zelaiaren eta bidearen artean. Horrek oinezkoaren segurtasuna bermatzeaz gain, golf jokalariak jokoan ikusteko aukera emango du. Era berean, biotopoaren eta bertako floraren inguruko informazioa jasotzen duten hainbat panel jarriko dituzte pasealekuan.
Zarauzko Udalak jakinarazi duenez, Lurbel enpresak egin du proiektua, eta Mariezcurra eraikuntza enpresa ari da obrak egiten.