Zarauzko Udalak 286 aparkaleku jarriko ditu salgai eta alokagai

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko uztailaren 10a

Zarauzko Gurmendi udal aparkalekua (Amaia Ventas/Hitza). 286 aparkaleku eskainiko ditu Zarauzko Udalak orotara: 146 salduko ditu, eta beste 140 alokatu. Aparkaleku horiek Gurmendiko (Azken Portu), Eguneko Zentro azpiko (Gipuzkoa kalea, 48) eta Hondartza (Mandabide kalea, 3) aparkalekuetan daude kokatuta. Lehenbiziko bi guneetako aparkalekuak kontsezioan emango dituzte, hau da, alokairuan, eta hirugarrengokoak saldu egingo dituzte. Gurmendiko udal aparkalekuetan bi kontzesio motaren bidez 95 aparkaleku alokatu ahalko dituzte interesa duten herritarrek. Batzuk 60 urterako utziko dira 21.200 euroren truke; urteko 40 euro gehiago ordaindu beharko dituzte erabiltzaileek, administrazio gastuak direla eta. Gainontzekoak urtebeterako alokatuko dituzte, 711,24 euroren truke.  Urtea amaitzean, kontzesioa beste urtebetez sinatzeko aukera izango dute. Aldiz, Maria Etxetxiki zentroaren azpian eraikitako 45 aparkaleku rtebeterako soilik eskainiko ditu Zarauzko Udalak, baina Gurmendiko aparkalekuen baldintza berean: urteko 711,24 euro ordaindu beharko da aparkaleku bakoitza, eta beste urtebetez mantendu ahalko da kontzesioa. Inguru horretan aparkaleku bat eurentzat nahi dutenek Hondartza udal aparkalekuan izango dute horretarako aukera. Bertako 146 aparkalekuak saldu egingo ditu udalak. Horietatik 65 trastelekuarekin eskuratzeko aukera dago, gainera. Hondartzako aparkalekuen prezioa Zarautz Lur erakunde publikoak kalkulatuko du Zehazki enpresak egindako tasazioen arabera. Hala ere, merkatuko prezioak aztertzeaz gain, irizpide politikoak eta Modelo aretoaren erosketa errentagarria izateko baldintzak ere izango dituzte kontuan prezioa zehazterakoan. Zarauzko Udalak 1,5 milioi euroan erosi dio Modeloko jabeari aretoa. Hori ordaintzen jarraitzeko eta eraikina atontzeko salduko ditu Hondartzako aparkalekuak. Eskaerak irail erditik aurrera Bost lehentasun maila izango ditu kontuan Zarauzko Udalak hiru aparkaleku horietako aparlalekuak emateko. Gune horien inguruan bizi direnek eta jabetzan nahiz kontzesioan autoa uzteko beste aparkalekurik ez dutenek izango dute lehentasuna: Gurmendikoak eskuratzeko Azken Portuko auzokideek; Eguneko Zentrokoak lortzeko Kasino kaletik hasi eta Iñurritza kalera eta Lapurdi kaletik Nafarroa kalera bitartean bizi direnek eta Hondartzakoak erosteko, berriz, Matxitxako, Gipuzkoa, Orixe eta Euromar kaleen artean bizi diren herritarrek. Bigarren mailan daude aipatutako kaleetan ez, baina inguruan bizi eta jabetzan zein kontzesioan bestelako aparkalekurik ez duten zarauztarrak, eta ondoren daude beste auzo batzuetan bizi direnak eta jabetzan zein kontzesioan bestelako aparkalekuren bat dutenak. Bosgarren lehentasun mailan sartu dituzte, berriz, Zarauztik kanpo bizi diren eskatzaileak. Hondartza udal aparkalekuko trastelekuak ere eskuratu ahalko dira. Udalak zozkatu egingo ditu horiek bertako aparkalekua erosteko eskatzaileen artean. Eskaera Zarautz Lur erakunde publikoko bulegoan egin beharko da, irailaren erditik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide