Zarauzko EAJ: «Udal Gobernuak noraezean jarraitzen du hondakinen gaiarekin»

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 9a

Jesus Arana eta Maite Garrastazu Zarauzko EAJko zinegotziak Hondakinen kudeaketan Zarauzko Udal Gobernuaren eta Urola Kostako Udal Elkartearen «irizpide eta lidergo falta» kritikatu ditu EAJk.  «Herritarren borondatearen gainetik atez atekoa inposatzen ahalegindu izanaz harago», birzikalpen tasak hobetzeko «alternatiba seriorik» ez dutela dio. «Dirua eta denbora galdu besterik ez du egin, edukiontzien bidezko bilketa sisteman inolako aldaketa aipagarririk egin gabe, nahiz eta etengabe eskatu diogun hori», salatu dute Jesus Arana eta Maite Garrastazu  zinegotziek. Atez atekoa «inposatzeaz gain, «B planik» ez dutela adierazi dute, eta Hondakinen Mahaia «propaganda egiteko eta arpegia zuritzeko besterik ez» dutela erabili. EAJren arabera, mahaian agertutako sistema proposamenari buruzko azterketa teknikoa eta ekonomikoa egitekoa konpromisoa hartu zuen EH Bilduk: «Ia sei hilabete pasa dira eta ez dakigu ezer». Halaber, oposizioaren iritzia ez dutela kontuan izan nabarmendu dute jeltzaleek: «Zuzenean esleitutako sentsibilizazio kanpaina bat egin dute, eta horren barruan zebrabideak pintatu eta edukiontziak ireki eta karakterizatu. Gure ustez benetako sentsibilizazio eta heziketa egitasmoen batere antzik ez dute, besteak beste ez delako eragileen lankidetza bilatu». Koordinazio falta Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkateak UKUEri Zumaian egindako azterketa bera egiteko eskatu ziola jakinarazi du EAJk, hondakin organikoen edukiontzitan txip sistema ezartzeko. Erabaki hori ez dutela «ulertzen» aitortu dute, eta ezta Zarautzen Zumaiako Hondakinen Mahaiaren baldintzapean jokatu beharra ere: «Gure herrian mahai baten bueltan alderdi politiko, elkarte eta eragileak elkartu ondoren, orain entzungor egiten zaio eta Zumaiakoak erabakitakoa kopiatzen da. Mahaiarekin  atez atekoa inposatzeko saiakera ahaztuarazten saiatu da». Zentzu horretan, Udal Gobernuak herritarren parte hartzea aipatzen badu ere, hori «soilik politikoki komeni» zaionean izaten duela kontuan salatu du alderdi jeltzaleak. Horrez gain, erakundeen arteko «koordinazio falta» eta UKUEren «etengabeko inprobisazioa» aipatu ditu, eta planteamendu «bateratua, epe luzerako eta ekonomikoki bideragarria» eskatu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide