Geoparkeak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko uztailaren 9a

Zumaia, Deba eta Mutrikuko alkateak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak. (Egilea: Aritz Mutiozabal) Gaur goizean Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmena sinatu dute, bi erakundeen arteko elkarlana  sakontzeko eta Geoparkeko ingurune naturala babesteko eta jasangarritasuna sustatzeko ekintzak burutzeko. Hiru dira hitzarmenean zehaztu dituzten lan ildo nagusiak: geodibertsitatearen estrategia, biodibertsitatearen estrategia eta natura gune babestuak eta jasangarritasunerako hezkuntza. 2016 urte bitartean urteko 30.000 euro jasoko ditu Geoparkeak, denera 90.000 euro eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilarioren esanetan, hitzarmena "aurrera pausu garrantzitsua" da. "Geoparkea kultura da, garapenerako proiektua da, Geoparkea geo-turismoa eta dibulgazioa da; baina, Geoparkea geoparke egiten duena geologia da. Horregatik, Eusko Jaurlaritzarekin sinatu dugun hitzarmenari esker hurrengo hiru urtetan geologia ikerketan, kontserbazioan eta dibulgazioan lana egiteko finantziazioa izango dugu" zehaztu du. Geoparkeak Zumaia, Deba eta Mutrikuko ondare geologikoa babesten laguntzen badu ere, zenbait arlo alde batera uzten direla uste du Zumaiako Udaleko Ingurumen Zinegotzia Aitor Leitzak. "Hitzarmena positiboa da, balore ekologikoak babesteko urrats bat ematen lagunduko duelako. Dena dela, uste dut geodibertsitatea babestu behar den bezala biodibertsitatea ere babestu behar dela. Azkenaldian, ordea badirudi Eusko Jaurlaritzarentzat geodibertsitateak biodibertsitateak baino garrantzi gehiago duela" zehaztu du Leitzak. Horretaz gain, Ingurumen zinegotziari harritu egin dio biotopo babestua bere osotasunean planaren baitan ez hartzea. "Ur azpian jarripena du biotopoak eta ez dut ulertzen eremu bat babestea bestea kanpoan utzita". Geodibertsitate Estrategia 2020 Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Eusko Jaurlaritzak sinatu duten hitzarmena Euskal Autonomia Erkidegoko Geodibertsitate Estrategia 2020 planaren baitan kokatzen da. Gaur aurkeztu dute estrategia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika saiburu Ana Oregik eta Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate zuzendari Amaia Barredok Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan eta ekintza planak Euskadiko ondare geologikoa babesteko eta hori kudeatzeko irizpide orokorrak biltzen dituela zehaztu dute. "Planak Euskadiko geodibertsitatearen eta ondare ekologikoaren erabilera jasangarria bultzatzen du eta geoturismoa eta kontserbaziorako hezkuntza, prestakuntza eta nazioateko difusioa sustatzen du, aurrerapen ekonomikorekin eta landa inguruarekin batera" azaldu du Oregik. Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Interesgune Geologikoen inbentarioa ere eman dute ezagutzera Eusko Jaurlaritzako ordezkariek. Inberntarioak 150 gune biltzen ditu eta bakoitzaren fitxan bertako informazioa jaso dute: informazio geografikoa eta geologikoa, ingurumen eta lurralde informazioa eta informazio kulturala besteak beste. Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate zuzendariak azaldu duenez, hasiera batean Euskadin interes geologikoa zuten 1.400 eremu identifikatu ziren, baina horietatik hainbat irizpide kontutan hartuta adituek sailkapen bat egin dute eta 150 eremu garrantzitsuenak aukeratu dituzte. "Horrek ez du esan nahi aukeraketa behin betikoa denik. Izan ere, plan estrategikoaren ekintzetako bat komisio tekniko bat sortzea da eta horrek Geologia Interesdun lekuen berrikuspena egingo du eta eremu berriak gehitu ala ez erabakiko du". Eusko Jaurlaritzako ordezkarien esanetan, natura babestearen garrantzia gizartean eta erakundeen artean zabalduta badago ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Geodibertsitate Estrategia 2020 aintzindaria izango da geodibertsitatearen kontserbazioan. "Uste dugu gainontzeko erakundeek jarraitu dezaketen  bidea irekiko duela planak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide