545 minutu kale antzerki Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko uztailaren 9a

Bihartik hasi eta larunbatera bitartean hamaika antzezlan eskainiko dituzte Zarauzko kaleetan zehar; guztira 545 minutu ikuskizun. Kalerki Nazioarteko XXI. Antzerki Topaketak Euskal Herriko, Frantziako, Espainiako eta Kataluniako antzerki konpainiak bilduko ditu, eta herritarrek zein bisitariek izango dute zer ikusia udalerrian hiru egunetan. Aurten ere izango da berrikuntzarik. Gari Berasaluze Kultura zinegotziak aipatu du adin guztietako pertsonei zuzenduta egongo direla ikuskizunak; izan ere, gaueko saioak aurten ordubete lehenago egingo dituzte, 23:00etan, hain zuzen —iaz gauerdian eskaintzen zituzten—. Bestalde, aurten lehenbiziko aldiz Alproja taldeak ez du parte hartu Kalerkiren antolakuntzan. Iaz aurreratu bezala, hogei urteko zikloari amaiera eman, eta horren lekukoa pasa dio Zarauzko Udalari. «Udalak konpromisoa hartu du Kalerkirekin jarraitzeko», nabarmendu du Berasaluzek: «Oso argi genuen Kalerkik Zarautzen sustraiak bota dituela, eta kale antzerki topaketen barruan erreferentzia garrantzitsu bihurtu dela hogei urtean Alprojak egindako lanari esker. Beraz, udaletik ez dugu inongo zalantzarik izan horrek uztailean herriko kaleei ematen dien kolore, bizitasun eta kultura suspertzen jarraitzeko». Baina, udala ez da bakarrik egon lan horretan: Artekale Euskal Herriko Kale Arteen Elkartea izan du bidelagun. Artekaleko kide eta Arrigorriagako Kultura teknikari Amagoia Garaizabalek azaldu du kaleko artea sustatzea, zabaltzea eta indartzea dela elkarte horren helburua. Zentzu horretan, hamaika enpresa banatzailek, 55 antzerki konpainiak  eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako askotariko erakundeek osatzen dute elkartea. Aurten Zarauzko Udalari parte hartzeko eskaintza egin zioten, eta elkarrekin lan egin eta sarea zabaltzen jarraitzea erabaki du udalak. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere lagundu du Zarauzko  kale antzerki topaketa. 2014ko inbertsioetan 42.000 euroko partida gorde zuten Kalerki antolatzeko, baina 35.000 euro erabili dituztela aipatu du Kultura zinegotziak, horietatik 26.000 euro taldeak kontratatzeko. Halaber, Zarauzko antzerki taldeak ez dio hasiera emango egitarauari. Alprojako kideak Euskal Jai Eguneko antzezlanean daude murgilduta, eta hori dela eta, Kukubiltxo eta Oreka TX taldeek izango dute Kalerki estreinatzeko ardura, Aupa Maurizia! lanarekin. Arratiako Maurizia panderojoleak bere buruari animoak emateko egiten zuen garrasia da hori, alboan Leonek eta Fasiok alboka eta trikitixa jotzen zuten bitartean.Oreka TX eta Kukubiltxoko kideak kalejiran ibiliko dira bihar hiru marioneta erraldoirekin (Maurizia, Leon eta Fasio), trikitixaren usadio zaharreko  errepertorioa eskainiz. Hortik hasi eta larunbatera, mila ikuskizun izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide