Azkoitiko PSE-EEren ustez, herritarrek «kontzientzia eredugarria» zuten lehendik

Ane Olaizola 2014ko uztailaren 9a

Azkoitiko PSE-EE alderdiak hondakinak biltzeko herrian jarriko duten sistema mistoa arbuiatu du beste behin. Kezka azaldu du «berehalako» ezarpenaren inguruan, eta «modu ordenatuan» dauden edukiontzi «itxien» aldeko jarrera berretsi du ohar bidez. Sistema berriaren bideragarritasun ekonomikoa ere zalantzan jarri du. Izan ere, sistema mistoak kostuen bikoiztasuna eragingo duelakoan da, eta hori herritarrek ordaindu beharko dutela gaineratu du: «Udal gobernuaren kudeaketa kaltegarriak sortzen duen euro bakoitza herritarren diru zorrotik aterako da». PSE-EEren arabera, «Bildu erakundeetara iritsi aurretik Gipuzkoako gizarteak ordurako birziklatzen zuen, eta ingurumenaren kontzientzia eredugarria zuen. Horrek estatuan gehien birziklatzen den herrialdea izatera eraman du Gipuzkoa». «Itsukeri ideologikoa» izatea leporatu diote Bilduri, eta eredu mistoa jartzea «nagusikeria» eta «aldebakarreko erabakia» dela iritzi dio, eredua bosgarren edukiontziaren alde agertu ziren 3.500 herritarren aurkakoa delakoan. Eibarko adibidea aipatu dute, «han %90ak egin duelako bat bosgarren edukiontziaren ereduarekin». Eskutitzak etxez etxe Bien bitartean, udala hilaren 22an da sistema mistoarekin hastekoa, eta azken pausoak ematen ari da. Hurrengo astean hasiko dira edukiontzi grisak kentzen, eta horiek ordezkatuko dituzten zintzilikarioak jartzen ari dira herrian. Aste honetan, gutun bat bidaltzen ari dira etxez etxe, bakoitzari dagokion zenbaki batekin. Izan ere, hurrengo asteazkenetik larunbatera bitartean kubo grisa, edukiontzi marroirako txartela eta gida banatuko dute, eta herritarrek han aurkeztu beharko dute eskutitza. Lehen hiru egunetan 10:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara banatuko dute materiala, eta larunbatean 10:00etatik 14:00etara, Elkarguneko areto nagusian. Era berean, organikoa jasotzeko kubo marroia hilaren 19ra bitartean jaso daiteke, plazan zabaldutako informazio bulegoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide