Baztartxo, XXI. mendera egokitzeko premia

Ane Olaizola 2014ko uztailaren 9a

Azkoitiko Baztartxoko zine proiektorea (Ane Olaizola/Hitza). Azkoitiko Baztartxo antzokiak filmak emateko proiektore digitala estreinatuko du irailean. 1991. urtean antzokia berritu zutenean 35mm formatuko filmeen proiektore berria jarri zuten, eta ordutik makina hori erabili dute aretoan. Teknologia berriek, eta merkatuak berak, filmak modu digitalean ekoiztea eragin du, ordea, eta egun apenas merkaturatzen dituzten negatiboetan. Egungo garaietara egokitzeko asmoz, beraz, Azkoitiko Udalak proiektore digital bat erosiko du, eta horretarako dagoeneko gordeta du ia 60.000 euroko diru partida. Azken udalbatzarrean onartu zuen udalak proiektorea erosteko aurrekontuetatik kreditu aldaketa egitea. Dagoeneko proiektuaren txostena egin du udalak, eta jakinarazi duenez, makina berria bilatzen ari dira egun. Txostenean bertan jaso dute aurten «oso film gutxi» filmatu direla formatu zaharrean, eta hurrengo urtean «ez dute batere filmatuko, Areto S.L enpresako arduradunek adierazi dutenez». Proiektagailu digitala edukitzea «urteetako eskaera» izan dela azpimarratu dute Azkoitiko Baztartxo antzokiko kudeatzaileek eta Matadeixe Zinetogram taldeak. Albiste pozgarritzat jo dute udalak hartu duen erabakia, eta horren gainetik berretsi dute «beharrezkoa» zela, orain artekoa ez zelako bideragarria. «Proiektagailu digitala erosi ezean, aretoa itxi egingo litzateke». Dagoenarekin, eta atzetik Baztartxoko Tomas Luanbek urteetako lanabes izan du proiektorea; «zeharo zaharkituta» geratu dela azpimarratu du, berriak zinemaren «xarma» galduko duelakoan bada ere. «Formatu honetan jada ez da egiten filmik, eta ezin dugu aukeratu zer film ekarri». Denboraldi zaila izan dela esan dute denek, soilik «libre zeuden kopiak» hartu ahal izan dituztelako, eta Baztartxoren kasuan, «ezin izan dugu gainontzeko aretoekin lehiatu, beti atzetik ibili gara». Ondorioz, publikoa ere jaitsi egin dela jakinarazi du Luanbek: «Jendea ez da zain egoten, kanpora joaten da». Horren adibide izan da 8 apellidos vascos film ezagunarekin gertatu zaiena. Udalak egindako txostenean irakur daitekeenez, proiektore digitala eduki balute martxoaren 28an eskaintzeko aukera izango zuketen filma. Azkenean, ekainaren amaieran eskaini ahal izan zuten, hasiera batean denboraldia amaituta zutenean. Aukera urriaren eraginez, hainbatetan DVD proiektagailua ere alokatu izan dute, eta udalak esan du film bakoitzeko 600 euro ordaintzen dutela, %21eko BEZ-a aparte. Udalaren esanetan, gainera, filmak kudeatu eta programatzeaz arduratzen den enpresak berretsi du filmak alokatzeak kostu bera duela formatu batean zein bestean, eta proiektore digitalarekin irabaziak areagotzea aurreikusten dute, filmak lehenago lortuko dituztelako. Azken urteetan oztopo ugari izan dute programazioa osatzeko, eta amaitu berri duten denboraldian arazoa aregotu egin zaiela ohartarazi dute; «formatu horretan apenas egiten denez, ezin izan dugu aurrez programazioa osatu», esan du Azkoitiko Matadaixe Zinetogram taldeak. Zine forum saioak antolatzen ditu taldeak. Jakinarazi dutenez, aurrez programatutakoaren erdia alboratu behar izan dute. Proiektore berriarekin, beraz, aukera izango dute merkatuaren «denbora errealean joateko» eta nahi dituzten filmak aukeratu eta «gutxienez hilabete bateko programazioa» egiteko. Horrez gain, film bera asteburu batean jatorrizko hizkuntzan eta gaztelaniaz emateko aukera ahalbidetuko duelakoan ere badira. Finean, «XXI. mendera egokituko gara», diote.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide