Irudiaren gainetik, sentsazioak

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko uztailaren 9a

Aitor Etxeberriak erakusketa ireki du Zumaian (Zumaiako Udala) Paisaia du oinarrian Inguruak erakusketak. Paisaia horretan, ordea, elementuak ez ditu ezagutuko ikusleak, «elementuak apurtzera» jolasten baitu Aitor Etxeberria margolari mendarotarrak. «Gaia bakartzen saiatzen naiz. Gaia guztiz deformatua azaltzen da margolanetan, elementuak ez dira ezagunak eta erakusketa ikustera hurbiltzen denak ez du ikusiko paisaia berak uste duen moduan», argitu du. Ostiralean ireki zuen Etxeberriak erakusketa Zumaiako Oxford aretoan, eta herritarrengan harridura sumatu zuen artistak. «Ikusleak ez du ezagutzen koadroa, ez du ulertzen bertan dagoena, baina badu zerbait gustukoa egiten duena. Ostiraleko inaugurazioan askok nabarmendu zidaten zer zen ez zekitela, baina kolore, forma eta konposizio aldetik deigarria eta atsegina egiten zitzaizkiela lanak», azaldu du. Sentsazioak oinarrian Etxeberriaren iritziz, garrantzitsuena margolan batek sortzen dituen «sentsazioak» dira. Herritar asko erakusketa batera joaten direnean autoreak esan nahi izan duena asmatzen saiatzen dira, esanahia bilatzen, alegia. Egilearen iritziz, ordea, «aurrerapausoa» eman behar da. «Egileok adierazi nahi duguna buruan izaten dugu, eta jendeak esanahi konkretu hori ikusi nahi du. Nire iritziz, ordea, gauza erreala bera abstrakzio bat da. Ez gara konturatzen mendi edo zuhaitz batek forma konkretu bat duela eta guk irudi hori esanahi batekin lotzen dugulako ezagutzen dugula elementua. Horretan oinarrituta, nik nire formak ditut eta horiek dira nire lanaren argumentoa», adierazi du Etxeberriak. Egileak jakin badaki herritarrentzat zenbaitetan zaila izaten dela bere lanen abstrakzioa ulertzea. «Askok ez dute ulertzen, ez dakite zer esan, eta gaizki sentitzen dira. Margolanak norbaitek gustukoak ez direnean nik sumatzen dut, baina argi dut ez dutela denen gustukoak izan beharrik». Etxeberriak uste du ikuslea bera koadroaren parte dela. «Margolanak nire estudioan badaude eta inork ikusten ez baditu, zerbait falta du, ikusleak bukatzen baitu koadroa»; iritzia, ordea, ona edo txarra izan daiteke. «Alde horretatik, iritzi guztiak entzuteko prest nago, iritzi negatiboa izan arren modu onean esaten badute ez dit molestatzen, onartzen dut», aitortu du. Aitor Etxeberriaren erakusketa zabalik izango da hilaren 20ra arte, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta larunbatetan eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide