Iñaki Mendizabal: "Bi garaipen hauek benetan gorakada handia eman digute"

Aritz Mutiozabal 2014ko uztailaren 8a

[Sasoian.info] Denboraldi hasiera bikaina egin du Zarauzko Enbatak. Deustuko eta Santurtziko estropadak irabazi dituzte Iñaki Mendizabalen (Oiartzun, 1966) mutilek asteburu honetan; KAE2 Ligako lehen bi probak, alegia. Espero al zenuten horrelako denboraldi hasiera bikainik? Hasiera oso ona eman diogu denboraldiari. Ez genuen uste horren goian ibiliko ginenik. Lehen lau taldeen artean izango ginela pentsatzen genuen, baina ez irabazteko moduan. Zorte pixka bat izan genuen –larunbatean, txandarekin eta igandean kalearekin–, baina guk orain arteko bideari jarraituko diogu, sailkapenean ahalik eta gorenen egoteko. Larunbatean azken luzean irabazi zenuten, eta igandean ere lehen bi luzeetan atzetik joan zineten. Gu ez gara potentzia handiko talde bat, eta seguraski besteek guk baino indar gehiago dute irteera hobea egiteko. Gure helburua haien irteerei eustea da, eta behin arraunketa ona hartuta, aurre egitea. Larunbatean atzetik joan ginen ia estropada osoan, Deustoren erritmoai eutsiz. Bagenekien beraiekin ibilita bandera irabazteko lehian sartuko ginela, eta azken luzean haiek atzean uzteko gai izan ginen. Igandean ere atzetik hasi ginen, baina bigarren luzetik aurrera arraunketa oso ona hartu genuen, haizea alde genuela, eta Hondarribia eta Deusto atzean utzi ahal izan genituen. Garaipen bikoitzak sekulako bultzada  emango dio bai traineruari, bai elkarteari. Sinesten hasteko moduko lorpenak izan al dira? Hankak lurrean ditugu, eta orain bezala entrenatzen jarraituko dugu. Badakigu gu baino indartsuagoak diren taldeak daudela, eta bospasei estropada jokatu ondoren ikusi beharko dugu zer gertatu den eta non gauden. Orduan izango da gauzak baloratzen hasteko unea. Oraingoz, gauzak ongi atera zaizkigu eta momentuaz gozatzen ari gara, baina oraindik ere atzetik ibiltzea eta sufritzea tokatuko zaigu. Hala ere, argi eta garbi dago Zarautzen helburu nagusia mailaz igotzea dela, ezta? Hala da, bai. Negu osoa hori buruan dgula aritu gara entrenatzen. Igoera lortu nahi dugula mentalizatuta, hain zuzen ere. Hasiera batean, besteen pare ariko ginela uste genuen, eta bi garaipen hauek benetan gorakada handia eman digute. Nolanahi ere, orain egindakoaz ahaztu eta datozen estropadetan buru-belarri jarri behar dugu. Gure armak erabiliz, ahalik eta estropada txukunenak egin. Eta itsasoa mugituko balitz, agian aukera gehiago izango genituzke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide