Azpeitiko Udaleko Hezkuntza Sailak Azpeitiko Heziguneen Katalogoa osatu du. Herrian hezkuntza arautua nahiz ez arautua eskaintzen duten zentro, elkarte eta erakundeen datuak liburuxka batean bildu dituzte, herritarrek horiek ezagutu eta erabil ditzaten.
Mari Jose Iturria Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, Heziguneen Katalogoaren helburu nagusia da Azpeitian formakuntzaren arloan egiten den lanaren «atzean dagoen sare zabal eta eraginkorra bistaratzea eta herritarren eskura jartzea».
Iturriak nabarmendu duenez, «heziketa kontzeptua eskolaz harantzago doa, eta barne hartzen ditu hezkuntza tipologia guztiak». Horregatik, hezkuntza arautuko eskola eta haur eskolen informazioaz gain, hezkuntza ez arautua eskaintzen duten eragileen informazioa ere bildu dute: esaterako, aisialdi taldeena, artea, musika eta dantza formakuntza eskaintzen duten elkarteena, autoeskolena, helduen hezkuntzari dagokiena, hizkuntza eta hezkuntza akademiena, ingurumenaz aritzen direnena nahiz kultura eta euskara lantzen dutenena.
Katalogoa ikusgai eta jaisteko moduan dago
Azpeitia.net webgunean Hezkuntza atalean. Gainera, paperezko formatuan gidan agertzen diren eragileei eta eskatzen duten herritar guztiei emango zaie. Katalogoak «bizia» izan behar duela eta «sarri berritu» beharra dagoela azaldu du Iturriak. Gida horretan agertzen ez diren eta egon nahi luketen talde edo eragileek Azpeitiko Udaleko Hezkuntza Sailarekin jarri beharko dute harremanetan, 943-157068 telefono zenbakira deituta.