Mundua, jostorratz begi batetik

Ane Olaizola 2014ko uztailaren 8a

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Mundua jostorratz begi batean. Argazkiak hitzetan, hitzak argazkitan erakusketa zabaldu du Azkoitiko Torre Zuri erakustokian. Aurreko asteburutik ikusgai dira Jon Andoni Martin Pegote argazkilariaren irudi estenopeikoak, baita Azkoitiko eta Azpei- tiko hamabi sortzaileren lanak ere. Erakusketa berezia da zabaldu dutena, argazkialariak eta sortzaileek elkarlanean osatu baitute ekimena; batetik, Pegotek berak egindako 72 argazki estenopeiko jarri ditu erakusgai; argazki- laritza mota hori lente eta objektiborik gabe egiten da. Kaxa ilun batean, zulotxo edo estenopo batek ordezkatzen du objektiboa, eta haren barrura isurtzen du irudia. Teknika horrek irudi «harrigarriak» sorrarazten ditu. «Ohiko irudiaren interpretazioa iraultzen du», diote antolatzaileek. Urtebetez argazkilaritza estenopeikoa eta haren barruko solarigrafia teknika—eguzkiaren ibilbideen joan-etorriak argazki paperean grabatuta geratzen dira— lantzen ari da azkoitiarra, eta horietako batzuk aukeratu ditu erakusketetarako: «Teknika honekin hasi nintzean egiten nituen argazkiak baino kalitate hobeagokoak dira hauek, gehiago daude landuta», esan du argazkilariak. Besteak beste, opilen kaxak eta egurrezko kaxak, eta zerbeza nahiz antxoa latak erabili ditu kamera gisa. Erakusketan, berriz, hainbat motatako argazkiak ikus daitezke. Besteak beste, Azkoitiko eta hirietako hainbat irudi jarri dituzte. Horrez gain, bi eta hiru estenopeikorekin egindako argazkiak ere badaude. Argazkien markoak, gainera, berrerabilitako materialarekin egin dituzte. Pegotek berak proposatuta abiatu dute erakusketa, eta argazkiez haratago, hamabi sortzaileren testu banarekin uztartu dute. Juan Carlos Merinok, Anari Alberdik, Jose Luis Otamendik, Iñigo Aranbarrik, Tere Aldalurrek, Xabier Gantzarainek, Aitor Arrutik, Maite Arratek, Juan Luis Zabalak, Eneritz Artetxek, Irene Elorzak eta Goiuri Epeldek egin dituzte testuak. Kasu batzuetan, testuaren funtsa kontuan hartuta aukeratu ditu Pegotek erakusketarako argazkiak; beste hainbatetan, berriz, testuari dagokion argazkia ondoren atera du. «Testugilearen eta argazkilariaren arteko elkarlana izan da», esan dute Maxixatzenekoek. Bi aldeen harreman horretan, lanaren gaineko interpretazioa «askotarikoa» izan daitekeela gaineratu dute antolatzaileek. Asteburuetan soilik irekiko dute erakusketa, hilaren 20ra bitartean. Ostiraletan, 18:30etik 20:30era bitartean egongo da zabalik, eta larunbatetan 11:00etatik 13:00etara eta 18:30etik 20:30era bitartean ikusi ahal izango dira. Igandeetan, goizez zabalduko dute, 11:00etatik 13:00etara bitartean. Argazkilaritza estenopeikoa egun ez da oso ohikoa, eta ezezaguna da askorentzat. Informatzeko asmoz, beraz, teknika horretarako materiala ere erakutsiko dute. Era berean, hastapenetako argazkilaritzara jauzi eginez, argazkilaritza estenopeikoaren metodoa barrutik ikusteko kaxa bat prestatu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide