Martxan da Zarauzko Basarri Bertsopaper Saria

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 7a

Urtero legez, Zarauzko Udalak Basarri Bertsopaper Saria abiatu du, euskara suspertu eta bertsogintza laguntzeko asmoz. Dagoeneko aurkez daitezke lanak. Parte-hartzaile bakoitzak nahi adina bertsopaper aurkeztu ahalko ditu sariketara. Bakoitzak gutxienez zortzi bertso izan beharko ditu, eta horiek originalak eta inoiz argitaratu gabeak izan beharko dute. Gaia librea izango da. Uztailaren 28a izango da lanak aurkezteko azken eguna. Zarauzko Kultura sailera eraman beharko dira, Sanz Enea kultur etxera (Nafarroa kalea, 22). Lan bakoitzaren originala eta kopia bat aurkeztu beharko dira,  makinaz idatzita, orriaren alde bakarrean eta bertsotik bertsora bi lerro zuri utziz. Izengoiti batekin sinatu beharko dira, eta aparteko gutun azal itxi batean jarri datuak—egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta beste xehetasunak. Iraileko lehenbiziko astean emango du epaimahaiak irabazleen izena jakitera, Euskal Jaien barruan antolatuko dute Bertsolari Gazteen XXXVIII. Txapelketan.  Irabazleak 1.100 euro eta txapela eskuratuko ditu, eta 750 euro eta oroigarria bigarren sailkatzen denak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide