Xabier Gantzarain.
Artelekuk Santa Teresan hasiko duen fase berrian Xabier Gantzarain (Azkoitia, 1975) izango da proiektuen koordinatzaile artistikoa. Adelina Moya, Peio Aguirre, Txomin Badiola eta Idoia Zabaletak osatutako aholkulari taldeak Gantzarainek aurkeztutako proiektua aukeratu baitu. Taldearen ustez, "bere egitasmoa da ederkien egokitzen zaiona Arteleku berrituan abian jarri nahi den helburu eta kudeatzeko ereduari".
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaritzak egindako deialdi publikoaren oinarrietan zentro berriak arte sistemaren barruan bete behar duen funtzioa argitu zuen: eskola esperimental baten lana, alegia, hau da, praxi artistikotik abiatutako prestakuntza.
Gantzarain Arte Ederretan lizenziatua da, idazlea eta arte kritika lanetan ibilitakoa.