Iraurgi Berritzen eta Tecnaliak elkarlanean jarduteko hitzarmena sinatu dute

Nerea Uranga 2014ko uztailaren 4a

Iraurgi Berritzeneko lehendakari Eneko Etxeberria Tecnaliako arduradunarekin hitzarmena egiten.

Urola bailarako enpresa sareen gaitasun teknologikoa bultzatzeko asmoarekin Iraurgi Berritzen eta Tecnalia ikerketa zentroak hitzarmena sinatu dute. Batik bat enpresa txikiei zuzendutako akordioa da. Asteazkenean sinatu zuten Tecnaliako zuzendari nagusia Joseba Jauregizarrek, Eneko Etxeberria Iraurgi Berritzeneko lehendakariak eta Jesus Agirre Iraurgi Berritzeneko zuzendariak.

 

Urolako enpresen beharrei erantzun eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko gaitasun teknologikoak enpresetara gerturatzea da egin duten hitzarmenaren helburu nagusia. Hori horrelaizateko, ikerketa-zentroen eta garapen-agentzien gaitasunak batzea funtsezko jo dute. Eneko Etxeberriak adierazi duenez, bailarara teknologiaren ezagutza eta teknologia ekarri nahi dute: "Abian ditugun tresnekin batera, edozein proiektuk behar dituen ezagutzak gertu izateko. Horregatik, edonork hitzarmenaren bidez egingo den lanean parte hartzeko eta gai honen inguruan ahalokularitza jasotzeko ateak irekita izango ditu gure bulegoetan".

 

Lankidetza bi urtekoa izango dela aurreikusi dute, eta metodologia zehatz bat erabiliko dute zehaztu dute: Opportunity Map. Prozesuak lau fase izango ditu: aurrenekoan, eskualdeko gaitasunak aztertuko dira, lehentasunak ezarriz, eta bakoitzaren ekoizpen-sarea ezagutuz. Bigarren fasean, prozesuan parte hartu nahi duten enpresak bilduko dituzte. Hirugarrenean, negoziorako aukera berriak identifikatu eta garatuko dituzte. Eta, laugarren eta azkenekoan, jarduera ekonomiko berria ezarriko dute.

 

Testuinguru ekonomikoa

 

Eustat-en datuen arabera, 2013an 180.000 enpresa-establezimendu zeuden Euskal Autonomia Erkidegoan; horietatik 62.000 Gipuzkoan. Zenbateko hori 2008an baino %14 baxuagoa zen.

 

Gaur egun, "krisiak eragin bortitza" izan du Urola bailaran. Esaterako, azken datuen arabera langabezia tasa %13,9koa da Azpeitian. Horregatik, Iraurgi Berritzeneko arduradunen arabera, ezagutza eta ikerketa lanak onuragarriak dira.

   

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide