Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sahatsaga Goiko eremuan aldaketak ekarriko dituen hitzarmen berri bat ari da prestatzen Udala. Eta horren ondorioz egongo diren aldaketak auzoaren onerako eta modu berean, herriaren onerako izango direla ziurtasuna dugu. Aurrikusia zegoen planteamenduan hobekuntzak ematea espero da, bai eraikitzeko dauden etxebizitzei dagokionean, baita urbanizatzeko dagoen lur eremuan zein bideren garapenari dagokionean ere.
Negoziaketak aurreratuta daude, baina arduraz jokatu nahi dugu, eta hitzarmena sinatu ostean emango diegu herritarrei honen guztiaren berri, sakontasunez eta zehaztasun osoz. Orain arte herriko beste gai eta proiektu nagusiekin egin dugun bezalaxe.
Egia da, Sahatsaga Goiko hainbat lan denboran luzatu egin direla, eta oraindik egiteke daudela. Hori bai, aurreko astean EAJ udal taldeak, Andoni Aristiren hitzetan, eginiko hainbat adierazpen gezurtatu nahi ditugu. Herritarren eta bereziki bertako bizilagunen artean nahasmena sortzea delako halako idatzien helburu bakarra. Eta Udala egiten ari den lana kaltetzeko beste maniobra partidista bat izan dela uste dugu.
1- Izan ere, udal gonernua osatzen dugunetik, Sahatsaga Goiko Urbanizazio proiektua hobetzea lortu dugu hainbat puntutan:
- Eremu guztiko aparkalekuak ordenatu dira, eta horretaz gain, aurreikusita zeudenak baino 20 aparkaleku plaza gehiago sortu.
- Etorkizunean norabide bakarreko plangintzatik bi norabideko izatera pasa da errepidea.
- Polikiroldegitik museora doan espaloi estua zabaldu egin da.
- Eskola ondoan autobusak buelta emateko leku berria egin da.
- Hondakinak gaika biltzeko espazio berria egin da, eta auzo-konposta gunea ere bai.
2.- Etxebizitzak 2012an eskrituratzeko ahalegin berezia egin zen udaletik, ikusirik 2013an indarrean sartuko zen erreformak kaltetu egingo zituela bertako bizilagunak. Gestio honek bizilagunei aurrezki handia suposatu zien, bereziki BEZ-ari eta bere desgrabazioari zegokionean. Honetan, enpresa eraikitzaileak egindako ahalegina ere azpimarratzen da.
3.- Etxe babestu hauekin herritarren behar guztiei erantzun egokia eman zitzaiela esatera ere ez zaigu zuzena iruditzen, ondorengoa kontutan izan da.
- Zerrendetara aurkeztu zirenetatik %60 aukerarik gabe geratu ziren.
- Tasatutako 1,7 tipoko etxeetako zerrenda guztia pasatu egin da, eta herritarrentzat dirutza gehiegizkoa zenaren seinale da hori.
- Babes ofizialeko 30 etxetatik 9 logela bakarrekoak izatea ez dator bat herritarren eskariarekin.
4.- Azkenik, etxebizitzetako ur hornidurarako ezarritako ur bonbari dagokionean guztiz harrituta hartu ditugu Andoni Aristiren hitzak. Izan ere, bonbeoak jartzea ez da izan inondik inora udal honen erabakia. Eta hori ondo dakite, hainbat aldiz azaldu izan baitugu batzordean.
Amaitzeko, argi uzti nahi dugu, guk orain arte bezala ahalik eta ondoen lanean jarraituko dugula, herritarrentzat onurak lortzeko eta denon artean Getaria hobe bat eraikitzeko ilusioz.