Dagoeneko ari dira Zarauzko biotopoaren gaineko pasabidea muntatzen

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 4a

"Martxa onean" doaz biotopoko pasabideko lanak. Une hauetan lanen lehen fasea ari dira egiten; ekialdetik hasi eta mendebalderantz, igarobidea eutsiko duten bost metro inguruko zutoinak ari dira hondarretan sartzen. Zutabeak behar bezala finkatu ondoren, altuera berean moztu eta hauen arteko habe moduko batzuk jarri dituzte, horien gainean pasabide bera kokatzeko. Dunen mendebaldean oraindik zutoinak kokatzen ari diren arren, ekialdean dagoeneko hasi dira pasarela izango denaren zatiak jartzen. Izan ere, aurreikusitako epean amaitu nahi dituzte lanak, urriaren hasieran "parajeaz eta paseoaz gozatzeko" aukera izan dadin. Joan den neguko denboraleak kalte handiak eragin zituen Zarauzko itsasertz osoan. Malekoiko zati batzuk hondoratzeaz gain, dunen eremuan ere eragin handia izan zuten olatuek. Dunak, dunen gaineko pasarelak, eta golf zelaiaren zati batzuk ere eraman zituen itsasoak. Malekoiko konponketak amaitu dira dagoeneko, eta orain dunen gunea lehenbailehen bere onera itzultzea da Zarauzko Udalaren lehentasuna. Pasarela berria lehengoa baino metro batzuk itsasertzetik atzerago egongo da, gaur egun golf zelaia dagoen gunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide