Eneko Etxeberria eta Josu Azpillaga
Gobernu Irekiaren ereduari jarraituz eta aurreko astean
Open Data sistema aurkeztu ostean, udaleko kontuen gardentasunerako beste urrats bat eman du Azpeitiko Udalak:
azpeitia.kontuakgarbi.com, aurrekontuak eta udalaren gastuen ordainagiriak herritarren eskura jartzen dituen webgunea. Open Datarekin bateragarria den "modulo osagarria" dela adierazi du Eneko Etxeberria alkateak.
Etorkizunean informazio gehiago gehitzen joateko asmo badute ere, momentuz bi datu multzo jarri dituzte eskuragarri: Udal aurrekontuak eta udalaren ordainagiriak. Aurrekontuei dagokionez azken hiru urtetako aurrekontuak ikus daitezke, oso-osorik eta modu ulergarri eta grafikoan. Ordainagirien kasuan, 3.000 eurotik gorako faktura guztiak ikus daitezke, "herritarrek jakin dezaten zenbat eta zertan gastatzen den". 3.000 euroko lerro hori ipini dute, hortik beherako ordainagiri kopuru handiak lan eskerga gehiegizkoa eskatzen zuelako. Dena den, "helburua etorkizunean faktura guztiak sartzea" dela adierazi dute.
Softwarea garatu duen Codesyntaxeko langilea da Josu Azpillaga azpeitiarra. Hark azaldu duenez, azken urteetan joera ikusten bada ere, "gardentasunaren bidea egiteko" dagoen zerbait da, eta bide horretan Azpeitiko Udalak emandako pausoa txalogarria iruditzen zaio. "Gardena izatea ez da berez erraza, eta diru kontuetan are zailagoa. Eta hain zuzen hortik hasi nahi izan da". Gardena izatea datuak erakusteaz gain "haiek modu argi eta ulergarri batean erakustea" ere badela nabarmendu du Azpillagak, eta webgunearekin hori lortzen dela azpimarratu du.
"Tresna bizi bat" izatea da udalaren helburua, "aurrekontuak urtean behin sartuko dira, urtean behin onartzen direnez, baina ordainagiriak hilean hilekoak sartzea da bilatzen duguna", adierazi dute.