Ez, ez dira ipotxentzat Iraetan azkenaldian agertzen ari diren tren txiki horiek. Lorategiko trenak dira, bidaiariak eramateko gai diren trenik txikienak. Benetako trenak dira, eta pertsonen gozamenerako sortuak.
Zestoako Udalak herriko turismoa indartzeko eta osatzeko zerbait gehiago eskaini nahi zuen, eta horretan zebilela iritsi zen lorategiko trenen ideia. Izan ere, Patxi Goenaga herritarra tren txiki horien zale amorratua da, eta Goenagaren zaletasun horrek erakutsi zien bidea. Udaleko EAJko ordezkari Josetxo Mendizabal hasi zen, orduan, beharrezko dei eta mugimenduak egiten, eta bigarren eskuko trenbide bat topatu zuen, Castejonen, Nafarroan. Argi zegoen, Zestoak trena izango zuen; eta Iraetan izango zuen.
Ingelesen zaletasunetik
Ingalaterratik dator lorategiko trenen usadioa. Hala azaltzen du Jose Felix Coladok, Bidasoatarra 7301 Trenbidearen Lagunak Elkarteko lehendakariordeak: «Han, eta dagoeneko munduko beste leku askotan, jendeak horrelako trenak ditu bere etxeko lorategian». Colado txikitatik egon da trenen munduari lotua, bere aitaren familia ere hala egon baita betidanik. Gaur egun espainiar estatuko trenbide sarean egiten du lan. Patxi Goenaga eta biak ari dira Iraetako zirkuitua eraikitzeko lanetan eta probak egiten.
Patxi Goenagaren zaletasunak ere badu berezitasun bat: trenak eraikitzea. Bi tren eginak ditu, Euskal Burdinbidearen Konpainiaren Asea trenaren erreplika eta Mendebalde Urrunean ohiko ziren Carolina motako lurrun-makina bat. «Zaletasun honen helburua beti da tamaina erraleko makinen ahalik eta antz handiena duten makinak egitea. Barrua ezin da berdina egin, botoiak eta kableak sartu behar baitira, baina kanpotik behintzat, xehetasun guztiak lortzea izaten da politena», azaldu du Goenagak.
Euskal Herriko lehen zirkuitua
Iraetako futbol zelaiaren ondoan eraikitzen ari dira zirkuitua, eta Euskal Herrian jarriko den lehen zirkuitu finkoa da. Haron (Errioxa, Espainia) dago gertuen dagoena, eta bada beste bat Ourensen (Galizia) ere. Katalunian mende laurden daramate mota honetako zirkuituak eraikitzen, 500 makina baino gehiago dituzte han.
Iraetan ipiniko duten trena maniobretarako makina traktore bat da; Irun, Lezo nahiz Errenteriako tren nasa handietan ugariak dira modelo honetako trenak. 5 hazbeteko (127 mm) trenbideen gainean ibiliko dira makina eta 6 bagoiak. «Benetako tren bat da, goitik beheraino», azaldu dute Coladok eta Goenagak. 145 metroko zirkuitua prestatzen ari dira orain, eta lurrak prestatuko dituzte etorkizunean 300 metroko zirkuitua osatu ahal izateko. Orain lokaztuta dagoen lur horretan, bestetik, lorategi eder bat egiteko asmoa du udalak, bere tunel, hesitxo eta guzti.
Zestoako Udaleko zinegotzi Iban Narbaizak azaldu duenez, «elkarte bat sortu nahi dugu zirkuitu honen funtzionamendua kudeatzeko, frontoia pilota elkarteak eta futbol zelaia futbol elkarteak kudeatzen duten moduan».
Zirkuitua zabalik egongo denez, bere makina duen edonor joan ahal izango da bertara. Makinarik ez duen jendearentzat, elkarte horren bitartez, egutegi eta ordutegi bat finkatuko da eta arduradun bat ipiniko dute, datozenei zirkuitua erakutsi eta trenak gidatzeko. Gutxieneko sarrera bat kobratuko da, zirkuituaren eta makinen mantenurako, «zirkuitua bere kabuz finantzatzea baita helburua», dio Narbaizak.
Iraeta eta herrigunea lotzeko instalazioa izan nahi luke Iraetako trenaren zirkuituak, «herriko beste eskaintza turistikoekin erakartzen den jendea herrian bertan gera dadin arrazoi bat gehiago izateko». Ingurua ere egokia du, futbol zelaiko komunak eta taberna eskura daudelako, baita Iraetako haurren parkea ere.
Egun gutxi batzuk baino ez dira falta Iraetako trena martxan jartzeko. Ez da urrutira bidaiatzeko trena, baina, ez da beti urrunera bidaiatu behar gauza bitxiak ikusteko. Bidaiariok, trenera!