Azpeitiko Sare lantaldea eratu nahi dute biharko topagunean

Olatz Prat 2014ko uztailaren 4a

Preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritar bat eratu dute Euskal Herrian, Sare izenekoa. Mugimendu horren nondik norakoak ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoz,  topaketak egiteari ekin diote herri askotan. Azpeitian ere, asmo berberarekin lanean hasi dira hainbat herritar, bihar, larunbata, Sare topaketak egingo dituzte herriko Sare lantaldea eratzeko. Baigeran izango da hitzordua, 11:00etatik aurrera. «Preso, iheslari eta deportatuen eskubideak urratuak izan ez daitezen, herritar bakoitzak egin dezakeen ekarpena ezinbestekoa da», azpimarratu dute antolatzaileek. Topaketak «sarea ehuntzen hasteko abiapuntua» dira ekimena sustatzen ari diren taldeko kide Hodei Mendinuetaren eta Mikel Azkueren esanetan. Uztarria-ri azaldu diotenez, «bertan Sareren aurkezpenean azaldutako edukiak landuko dira, eta galdetegi bat egingo da herriko egoera nola ikusten den, herritar sare bezala zer ulertzen den eta konpromisoa nola ulertzen den galdetuz». Galdetegia anonimoa izango dela aurreratu dute, «bakoitzak bere ikuspuntua inongo beldurrik gabe» azaldu ahal izateko. Herritarrei topaketan parte hartzeko deia egin diete, izan ere «zenbat eta jende gehiago bertaratu, ikuspuntu anitzagoak lortu ahal izango dira». Gutxiengoak abiapuntu Martxoaren 15ean, hainbat arlotako herritar «esanguratsu» batzuek gutxieneko puntu batzuk adostu eta Donostiako San Telmo Museoan Giza Eskubideen Aldeko Adierazpena aurkeztu zuten, bost puntutan jasoz preso, iheslari eta deportatuek jasaten dituzten eskubide urraketak eta urratze horiek ahalbidetzen dituzten legeak aldatu beharraz ohartaraziz. Ezarritako gutxiengo horien inguruan sare herritar bat osatzeko asmoz, Gogoeta Topaketak egin ziren Eskoriatzan apirilaren 12an eta, prozesu horren ostean, ekainaren 15ean aurkeztu zen, Donostian, preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko mugimendua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide