'Kapitalaren aurka eta haratago' liburua euskaraz editatu dute herritar batzuek

Ane Olaizola 2014ko uztailaren 4a

[caption id="attachment_102162" align="aligncenter" width="300"]Liburua aurkezten Matadeixen (Ane Olaizola/Hitza) Liburua aurkezten Matadeixen (Ane Olaizola/Hitza)[/caption] Azkoitian sortu duten Bagaudia taldeak John Holloway soziologo eta filosofo irlandarraren Kapitalaren aurka eta haratago. Eztabaida ireki bati buruzko gogoetak liburuaren mamia euskaratu eta editatu du. Hollowayk 2002an argitaratu zuen Mundua aldatu boterea hartu gabe: iraultzaren esanahia gaur (jatorrian, Change the world without taking power: The meaning of revolution today) liburua. Iraultzaren kontzeptu tradizionalari egindako kritikek eztabaida handia piztu zuten gizartean, batez ere Marxismo tradizionalaren barruan, eta eztabaida horren hausnarketetatik abiatuta, 2006an kaleratu zuen gaztelaniaz Contra y más allá del capital. Reflexiones a partir del debate sobre el libro ‘Cambiar el mundo sin tomar el poder’ (Herramienta, 2006) liburua. Hain zuzen, funtsezko ideiak biltzen dituen testuaren itzulpena da Bagaudiak egin duena. Liburua lantzen hasi, eta hortik izan zuten itzulpena egiteko ideia. Hollowayren testuek eztabaidarako bidea zabaltzen dutela azpimarratu dute liburuaren aurkezpenean; «mundua aldatu beharra aldarrikatzen du. Berehala onartuko du, ordea, ez berak ez beste inork ez dakiela hori nola lortu». Iraultza abangoardistaren aurka ere egiten du. «Modu tradizionaletatik baino, iraultza beste bide batzuetatik planteatzen du, esaterako, egunerokotasunetik». Taldean egin dute lana azkoitiarrek, eta horrek «harrotasun» kutsu bat ematen die. Beren arabera, apenas dagoen euskaraz halako gaiak lantzen dituen lanik, eta hutsunea bete nahi izan dute. Dena den, hizkuntza horretan ateratzeko «arrazoi politikoak» ere badaudela onartu dute: «Euskal Herria une berezian dago, eta Hollowayk gauza oso interesgarriak esaten ditu; esaterako, boterea ordezkatzearen inguruan. Une hauetan liburua kaleratzea oso garrantzitsua eta aberasgarria izan daiteke». Proiektu irekia da Bagaudia, egun sei lagunek osatutakoa. Taldean lan eginez, euren asmoa da euskaraz argitaratzea «teoria kritikoan eta kapitalismoaren aurkako borrokan, hausnarketarako dauden ekarpen kritikoak, eta iraultza moduak pentsatzera eraman ditzaketenak». Lehen liburuarekin, lan teorikoei «kutsu elitista» kendu, eta «pentsaera propioa garatzeko orduan izan behar den garrantzia» aitortu nahi izan dute. «Soilik jarrera kritiko batek saihestu dezake dogmatismoan erortzea eta iraganeko hutsegiteak errepikatzea». Hala,ez da euren asmoa «lerro politiko zuzenaren bila» aritzea. «Zapatistek dioten moduan, Bagaudia jende arruntak, errebeldeak, desegokituak, deserosoak, ameslariak osatzen du». Aurrera begira, oraingoz ez dute zehaztu beste lanik egingo al duten. 400 ale argitaratu dituzte, urtebete pasako prozesu baten ondoren. Esan dutenez, «autoreak ez du inongo oztoporik jarri; are gehiago, egitera animatu gaitu». Inguruan salduko dituzte liburuak, bai tabernetan, bai liburudendetan; Azkoitian, esaterako, Atraskua tabernan eta Lujan dendan eros daitezke, baita Donostiako Kaxilda eta Iruñako Katakrak liburu dendetan ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide