Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Baleike Kultur Elkarteak kalera atera nahi ditu herritarrak bihar, larunbata, aldizkariaren 20. urteurrena jai giroan ospatzeko. Horretarako, egun osoko egitaraua antolatu dute, herriko artista eta kultur taldeen laguntzarekin. Zumaia agertoki handi bat bihurtzea da helburua; herrian dagoen kultur aberastasuna kalera ateratzea.
Festa eguna goizean hasiko da, 11:00etan jaurtiko diren katxaperoekin. Zumaian ez dago festak hasteko beste modurik. Eguerdi partean, kalez kale ibiliko dira Beheko Plaza abesbatza, Txistularien Banda eta Zumaiako Udal Musika Banda. Eguraldiak hondartzarako laguntzen badu, han ere izango da ezustekoren bat. Festatxo txarangak eta bertsolariek girotuko dute eguerdiko poteoa, eta ondoren herri bazkaria egingo da Herri Eskolako pilotalekuan. Darahli elkarteko kideak arduratuko dira mahaiak zerbitzatzeaz.
Bazkariaren ondoren hasiko da eguneko ekitaldi nagusia. Zumaiar askok daukate oraindik gogoan duela 18 urte Aita Mari aretoan antolatu zen Baleike Txoua. Jaialdi hartan bildu ziren herriko musikari, aktore, dantzari, txiste kontalari eta beste hamaika artista. Hogeigarren urteurrenerako jaialdi haren funtsa berreskuratu nahi izan da, hau da, herriko artista eta taldeekin jaialdia antolatzea. Baina, oraingoan, areto itxi batean egin beharrean, kalera ateratzea erabaki da. Eta ez soilik Erribera kale ingurura; baita industriguneetara ere. Herri osoa izango da agertoki. Horrela, herriko bederatzi gune aukeratu dira eta bakoitzean ikuskizun bat izango da. Baina jai dinamikoa eta parte-hartzaileagoa izan dadin, kalejira batekin lotuko dira guneak.
Horrela, 17:30ean, bazkaritik altxa eta Alai auzoko Victoriano Arrate kalean txalaparta doinuekin hasiko da jaialdia. Hura amaitu eta hurrengo gunera joateko Jon Urbietak asmatutako tramankulu mugikorra izango da gidari. Aita Mariko plaza gorrian Iseka taldeak bizpahiru kanta joko ditu. Hurrengo gunean, Moilaberriko geltoki zaharrean, dantzariak izango dira kalejiraren zain. Isaak Aranberrik gidatutako laukoteak, Victoria Eugenian aurkeztu zuten lanaren zati bat dantzatuko dute. Ondoren, trikitilariek gidatuta, Sanjuaniturrira, Zubimendi ahizpen eskusoinuak entzutera. Mari kalean, aktoreak, Amaiako plazan musika, kofradian erromeria, Goiko eta Trapaia aurrean bertsoak eta azken ikuskizun berezia, Torreberriko aterpean. Azken txanparako gidari lanetan, Inpernupeko joaldunak eta perkusio afrikarra. Hiru bat orduko kalejira berezia.
Gainera, Distira argazki elkarteak eguneko argazki erreportajea egingo du, eta bideoan ere hartuko da, gero baleike.com webgunean erakusteko. Hemen aipatu ez diren beste hamaika lagunek ere hartu dute parte jaiaren antolaketan; guztiei esker ona adierazi nahi die Baleike Kultur Elkarteak.
Egitaraua- 11:00etan. Txupinazoa. Udal Txistulari Bandaren kalejira.
- 12:00etan. Zumaiako Musika Banda eta Beheko Plaza abesbatzaren saioak herrian zehar.
- 12:30ean. Txaranga-bertso-poteoa Erribera kaletik Herri Eskolako frontoira.
- 14:30ean. Bazkari herrikoia frontoian.
- 17:30ean. Kalejira Victoriano Arrate etorbidetik Torreberrira. Ikuskizunak izango dira: Victoriano Arraten, Aita Marin, Moilaberriko estazio zaharrean, Sanjuaniturrin, Mari kalean, Amaiako plazan, Kofradiako plazan, Goiko-Trapaia aurreko plazan, eta Torreberrin (musika, dantza, aktoreak, bertsoak…). Hiru bat orduko jaialdia izango da.