Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zestoako Udalak Euskal Kutxen etorkizunaren inguruko mozio bat onartu zuen aurreko astean. Mozioak jasotzen duenez, «Zestoa bezalako udalentzat, hil ala bizikoa da Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko tresna finantziero nagusiaren kontrol publikoa mantentzea». Aurrezki kutxek euren sorrerako espirituari eustea «ezinbestekoa» deritzote, «horrek bermatu baitezake interes publikoaren defentsa, Gizarte Ekintzaren sustapena eta bertako herritar, ehun produktibo eta sare instituzionalen interesen aldeko apustua».
Horregatik, Kutxabanken pribatitzazioa baztertu dezaten eskatu diote korporazio fundatzaile diren Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari eta Kutxako gobernu organoei. Kutxako Gobernu Organoek «Gipuzkoako jendartearen parte hartzea, bere ordezkaritza proportzional efektiboa eta barne demokrazia eta gardentasuna bermatu dezaten» ere eskatu dute. Kutxak Kutxabanken duen presentzia portzentajearen harira, eskatu dute «parte hartze portzentaje hori gutxitzea ekar dezakeen edozein pribatizazio edo desinbertsio programa espresuki baztertzea, gutxienez %32 izaten jarraituko duelarik». Gainera, «Gizarte Ekintzaren defentsa irmoa eta beraren suspertzearekiko konrpomisoa adieraztea» eskatu diete aldundiari eta Donostiako Udalari. Bilduk aurkeztutako mozioaren bozketan abstenitu egin zen EAJ, «beste leku batzuetan jada ari baitira honetaz hitz egiten», adierazi zuten.