Zarauzko PSE-EEk herrian presoak goratzeko kartelak zintzilikatu izana salatu du

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko uztailaren 4a

Zarauzko PSE-EEk salatu du gune publikoak erabiltzeko «betikoek» duten modua. Sanpelaioetan «presoak goratzen» dituzten  kartelak jarri zituztela nabarmendu du alderdiak: «Gure herriko kale guztiak ETAko presoak goraipatzen dituzten kartelez josi zituzten. Batez ere Lege Zaharren Enparantza, haurrek eta helduek danborrada eskaini zuten gunea. Ohikoa da haurrak biltzen diren eremuetan halako kartelak ikustea. Presoen aldeko goiburuak umeei sartzea asmo txarreko manipulazioa da». Musika Plazan ere «antzekoa» gertatzen dela diote alderdi sozialistako zinegotziek, eta alkateak halako ikurrak kendu egin beharko lituzkeela nabarmendu dute. Zentzu horretan, kartelak jartzea debekatzen duen ordenantza bat indarrean dela gogoratu dute. «Interesgarria litzateke jakitea herriko ETAko presoen argazkidun kartelak jartzeko baimena duten». Baimen horiek dekretuz onartu ohi dituztela adierazi dute, hori dela «EH Bilduren estiloa». «Modu horretan onartzen dituzte herriko presoen senitartekoei zuzendutako diru laguntzak ere». Horregatik salatu dute Udal Gobernuari «kostatu» egiten zaiola beharra duten familiei hezkuntzako gastuekin laguntzea eta udan eskoletako jangelak irekitzea: «ETAko presoak azkar laguntzen dituzte», esan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide