Ekitaldiz josita dator uda garaia Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko uztailaren 4a

Zarauzko udako egitarauak ez du berrikuntza berezirik aurten, baina ezta beharrik ere, urtero bezala ekitaldiz beteta baitator. Uztailean, besteak beste, honako ekitaldiak egingo dituzte: Kalerki Nazioarteko XXI. Antzerki Topaketak (hilaren 10etik 12ra), Jose Mari Illarramendiren Omenezko Halterofilia Kriteriuma (hilaren 12an), Artisau Azoka (uztailaren 13an), XII. Bertso Astea (hilaren 17tik 19ra), 3x3 Eusko Pro Tour saskibaloi txapelketa (uztailaren 18tik 20ra) eta Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia (hilaren 20an). Abuzturako, berriz, Zarauzko Udako XXVI. Musikaldia (abuztuaren 1ean), Ama Birjinaren festak (abuztuaren 14tik 16ra), Zarauzko VI. Ikurrina (hilaren 16an) eta Liburu eta Diskoen Azoka (abuztuaren 22tik 31era) antolatu dituzte, esaterako. Hilabete horretan ospatuko dituzte Santa Klara jaiak ere, eta aurten, gainera egitaraua hobetu dute: hiru egunetan beharrean, lau egunetan izango dira ospakizunak. Era berean, iaz estreinakoz egindako Desioak sutan Sahararentzat ekitaldia izango da berriz ere amabirjinetako bigarren egunean, abuztuaren 16an. Ehunka su bola aireratuko dituzte zerurantz, Sahararentzat desioak eta ametsak gehituta. Era berean, su artifizialak berreskuratuko dituzte, eta aurreko egunean botako dituzte, Ama Birjinaren Eguna ospatzeko. Beste berrikuntzen artean, abuztuaren 17an Gipuzkoako Toka Txapelketa jokatuko dute Zelai Ondon, eta Volley Ball Txapelketa uztailaren 9tik 11ra bitartean. Iaz bezala, aurten ere bost hizkuntzatan argitaratu dute uztaileko eta abuztuko egitaraua: euskaraz, gaztelaniaz, katalanez, frantsesez eta ingelesez. Dagoeneko banatu dituzte herriko etxe guztietara, eta interesa dutenek www.turismozarautz.com webgunean ere kontsultatu ahalko dute udako egitaraua. Itsas pasealekuan kokatu duten etxolan ere eskuratu ahalko da egitaraua. Asteartean zabaldu zuten Zarauzko Turismo Bulegoko txokoa Higer kalearen amaieran, Gurutze Gorriko sorosleen postutik 50 metrora. «Jende gehien» biltzen den gune horretan bisitariek zein herritarrek Zarautzi buruzko informazioa jaso ahalko dute zuzenean egunero, uztailean eta abuztuan. Karmele Alberdi Turismo zinegotziak horren «garrantzia» nabarmendu du: «Duela hiru urtetik ez da halako etxolarik jarri Malekoian. Zarauzko Turismo Bulegoa ondo kokatuta dago negurako, baina udan alde batera geratzen da. Horregatik, zuzeneko informazioa eskaintzeko etxola bat Malekoian jartzea beharrezkoa dela deritzogu, bertan ibiltzen baita jende gehien udan». Hiru lagunek egingo dute bertan lan astelehenetik igandera, txandaka, ordutegi zabalean: 11:30etik 20:30era. Eguerdian ez dute itxiko. Halaber,bulego nagusia, Nafarroa kalekoa, 09:00etatik 20:00etara izango da zabalik astelehenetik larunbatera, eta igande eta jaiegunetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara. Sortaldea ere zabalik Uztaila hastearekin batera zabaldu ditu Sortaldeak ere bere ateak. Urtero legez, literaturarekin, musikarekin, zinemarekin eta sormenarekin lotutako erakusleiho izan nahi du kultur eremu horrek, eta horretarako hainbat jarduera egingo dute bertan, irailaren 15era arte. Batetik, Conunpuntomas sormen tailerrak egingo dituzte,eta bestetik, Liburu Irekiak egitasmoa eskaini. Liburu bat maileguan hartu ahalko da doan, eta eguna amaitzean itzuli. Bestetik, margotzeko gune bat atondu dute Sortalde kanpoan zein barruan, eta baita hitzaldi, aurkezpen, kontzertu, bideo emanaldi eta antzekoak eskaintzeko agertoki «apala» ere. Aurten ere TAKO Zarautz erakusketa hartuko du Sortaldeak. Bertan herriko 14 argazkilariren 170 tako—20 zentimetro zabal, 20 luze eta 4 zentimetro lodi duten zurezko piezak— egongo dira ikusgai. Juan Luis Mendizabal Mendi eta Iago Rey artistek ere izango dute txokoa bertan. Mendik bere liburutegia eta lanak bisitariekin partekatuko ditu, eta Reyk Txopitea bekara aurkeztutako proiektua garatuko du bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide