Ikastaroen proposamenak jasotzeko epea ireki du Azpeitiko Udaleko Hezkuntza sailak

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 3a

Datorren ikasturtean (2014-2015) ikastaroren bat eman nahi dutenek proposamenak aurkezteko aukera izango dute Azpeitiko Udaleko Hezkuntza sailera. Proposamenaren proiektua, eskaerarekin batera, uztailaren 18rako aurkeztu behar da, udaletxeko sarrera erregistroan. Proiektuan, besteak beste, honakoa azaldu beharko dute: ikastaroaren helburua, edukiak, metodologia, iraupena, prezioa, nori zuzendua dagoen eta ikastaroa emango duenak landuko duen gaia ezagutzen duela ziurtatzeko agiriak. Behin proiektuak jasotakoan proiektuak baloratuko ditu udalak. Aukeraketa fasean sartzeko honako baldintzak bete beharko dira: - Ikastaroa emango duenak, landuko duen gaiaren gaineko titulazio egokia edukitzea, edo gai horretan lan esperientzia duela ziurtatzea. - Zerbitzua herrian beste tokiren batean ez eskaintzea. - Udaleko sailen bateko helburuekin bat egitea. Udalak aukeratzen dien proiektuei eskainiko diena izango da: ikastaroaren propaganda egitea eta ikastaroa emateko lokala uztea. Udalaren eta ikastaroa emango duenaren artean hitzarmen bat sinatuko dute, bertan bi aldeen betebeharrak jasoz. Informazio gehiago jakiteko 943 157928 telefono zenbakira deitu daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide