Arraunean, hawaiiarren antzera

Aritz Mutiozabal 2014ko uztailaren 4a

[Sasoian.info] Polinesiar edo hawaiiar jatorriko kanoekin estropada berezi bat antolatu dute biharko euskal kostaldean, eta eskualdeko hainbat herri bete-betean harrapatuko ditu. Itsas lasterketa Getarian hasiko da, eta Orion egingo du geldialdia, Zarauztik pasatu ondoren. Izatez, Getaria eta Donibane Lohizune lotuko dituen Oxbow Belha’Race proba jokatuko dute, eta lau etapatan banatuta egongo da: aurrenekoa, Getaria-Orio (7 kilometro); bigarrena, Orio-Donostia (14 kilometro); hirugarrena, Donostia-Hendaia (25 kilometro); eta laugarrena, Hendaia-Donibane-Lohizune (15 kilometro). Guztira, 61 kilometro izango ditu itsas zeharkaldiak. Donibane Lohizuneko eta Ziburuko Belharra Watermen Club elkarteak antolatu du kanoa estropada, Baionako Aviron Bayonnais Pirogue elkartearen laguntzarekin. Hain zuzen ere, Ipar Euskal Herriko bi elkarte horietan lantzen dute batik bat piragua mota hori euskal kostaldean. Honakoa ez da, gainera, halako proba bat antolatzen duten estreinako aldia. Irailean eta neguan, esaterako, antzeko estropadak egin izan dituzte lehen ere, baina beste modalitate eta modu batzuetan. Hala eta guztiz ere, Oxbow Belha'Race proba lehendabiziko aldiz antolatu eta jokatuko dute, eta orain artekoekin alderatuta nahiko bestelakoa izango da. Seikote mistoak Kasu honetan, sei lagunez osatutako ontziekin lehiatuko dira, OC6 edo V6 motatako ontzietan, eta parte hartuko duten taldeek, halaber, mistoak izan beharko dute; gizonezkoz eta emakumezkoz osatuak, alegia. Talde bakoitzak hamabi lagun eduki beharko ditu, zortzi gizonezko eta lau emakumezko, eta etapa bakoitzean gutxienez bi emakumezkok joan beharko dute kanoa barruan arraunean. Horrez gain, estropada txandaka jokatuko da; hau da, arraunlariak txandakatuz. Beraz, etapa bakoitzean, kidez aldatu beharko dute taldeek; izan ere, ontzi bera erabili beharko dute lasterketa osoan. Getariatik Donibane Lohizunera iristen bizkorrena izango da probaren garailea. Lasterketa Getariako Malkorbe hondartzatik abiatuko da, eta irteera 09:00etan egingo dute. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, lehen ontziak 16:30ak aldera iritsiko dira helmuga puntura, Donibane Lohizunera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide