Erleen sekretuak ezagutzeko jarduera antolatu dute uda sasoirako Iturraranen

Urola Kostako Hitza 2014ko uzt. 3a, 15:15

Erleak bertatik bertara ezagutzeko jarduera antolatu dute uda sasoirako.(Egilea: Iturraran Parketxea) Uztaila, abuztua eta iraila Pagoeta Parke Naturala ezagutzeko hilabete aproposak direla uste dute parkeko arduradunek. Bertako landareriaz gain, erleen bizimodua bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen baitu parkeko erletegiak. Argizari laberintoak, erleen sekretuak bertatik bertara jarduera antolatu du Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak uda sasoirako. «Bisitariek erleak gertutik ikusteko aukera izango dute erlategian. Arrautzak, larbak eta erle langileak ikusiko ditugu eta zorte apur batekin erlamandoen eta erregina berrien gelaxkak ere ikusiko ditugu» azaldu dute arduradunek. Irteerak ordubeteko iraupena izango du; uztailean eta irailean larunbatean eta igandean egingo dute eta abuztuan ostiralean, larunbatean eta igandean. Helduek 2,5 euro ordaindu beharko dute eta haurrek 1,5 euro. Irteeran parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzita edo 943 83 53 89 telefono zenbakira hots eginda.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide