Bisiguaren Festaren aurkezpen ekitaldia Donostiako Ontzi Museoan. (Egilea: Aiora Larrañaga)
Oriora iristen direnean usain berezia nabari ohi dute bisitariek, ohikoa izaten baita kaleetan barrena bisigu erre usaina antz ematea. Bisigua parrillan errea Orioren berezigarria izanik, zazpigarren urtez herriko plaza jatetxe erraldoi bihurtuko dute eta Bisiguaren Festa ospatuko dute uztailaren 17tik 20ra. Otorduez gain, Orioko itsas ondarea herritarren eta bisitarien artean ezagutarazteko egitarau zabala antolatu dute. "Edizio honetan herriko arrantzaleak omendu eta euren lana aitortu nahi dugu. Hegaluzetan hasi berriak dira eta zorte ona opa diegu" azaldu du Jon Agirresarobe Kultura, Euskara, Hezkuntza eta Festa zinegotziak. Horretaz gain, urtean zehar parrileroek egiten duten lana ere nabarmendu du zinegotziak, "Orio ezaguna da bertan eskaintzen den bisigu erreagatik. Eskerrak eman behar dizkiegu herriko parrilleroei uneoro erakusten duten profesionaltasunagatik, herriari dioten maitasunagatik eta beren lana umorez egiteagatik".
Katxina Jatetxeko Joxe Miel Zendoia parrilleroaren iritziz Orio estilora prestatutako bisiguaren bereizgarria, arraina prestatzeko modua da. "Besugerarik gabe prestatzen dugu bisigua, zuzenean erretzen dugu parrillan. Bisigua parrillan erretzen hasi zen lehen herria izan zen Orio eta hamarkadetako tradizioa bizi-bizirik dago egun. Orion gehien erretzen den arraina da bisigua eta norbaitek bisigua jan nahi badu nora joango da ba? Oriora". Denera 500 bisigu prestatuko dituzte Katxina Jatetxeko Joxe Miel Zendoia, Xixario Jatetxeko Luis Mari Uranga eta Joxe Mari Jatetxeko Mikel Manterola parrilleroek bost otordutan.
Erronka: Zenbat arrain ezagutzen dituzu?
Uztailaren 17tik 20ra bisigua protagonista izango bada ere, beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun horietarako. Marmitako eta hegaluze dastaketak, elkarte gastronomikoen arteko bisigu lehiaketa eta traineru estropadak izango dira besteak beste. "Horretaz gain, iaz bezala
Zenbat arrain ezagutzen dituzu? lehiaketa antolatu dugu. 15 espezietako arrainak jarriko ditugu ikusgai eta horien izenak asmatu beharko dituzte heritarrek. Iaz inork ez zituen hamabostak asmatu eta horrek esan nahi du herritarren artean gure itsas ondarea transmititzeko lana egin beharra dugula". Bisiguaren Festarekin belaunaldien arteko transmisio hori ere ahalbidetu nahi du Orioko Udalak. "Ea aurten herritarrek hamabostak asmatzen dituzten" bota du erronka Jon Agirresarobe zinegotziak.
Bisigua prestatzeko moduaz gain, arrauna da Orion bizi-bizirk dagoen itsas ondarea. Hori dela-eta Bisiguaren Festaren barruan hiru estropada antolatu dituzte. Larunbatean KAE1 mailako estropada jokatuko dute eta igandean, berriz, San Miguel Ligako eta Eusko Tren Ligako estropadak. "Oriokoa senior mailan hiru traineru dituen elkarte bakarra da. Asteburu honetan EuskoTren Ligako sailkapen estropada jokatuko du emakumezkoen traineruak eta asko gustatuko litzaiguke sailkatu eta Bisiguaren Festan emakumezkoen traineruak ere herrian estropada jokatzea" azaldu du Ibon Huegun Orioko Arraun Elkateko lehendakariak. Aurtengoan estropadak ibaian izango dira, negu partean denboralea espigoia hondatu zuenez, Orioko arraunketa eremua ez dagoelako erabilgarri. "Itsasoko estropadak ikusgarriagoak izaten dira, baina aurten ibaian izango direnez festa eremutik gertuago izango dira estropadak eta ziur gaude festa giro ederra izango dela".