Txetxu Iriarte, Iñaki Olaizola eta Jabier Beobide, eguerdian, Azpeitiko zezen plazan. O. PRAT
Azpeitiko Zezenzale Elkarteak aurkeztu du San Inazio jaietako zezenketa feriako egitaraua. Uztailaren 31n, eta abuztuaren 1ean eta 2an izango dira aurten zezenketak. Aurkezpenean izan dira Zezenzale Batzordeko Jabier Beobide, Txetxu Iriarte eta Iñaki Olaizola. Ganadutegien aldeko apustua egin dute aurten ere antolatzaileek: "Punta-puntan dabiltzan toreatzaileak eta ganadutegi onak, biak ekartzea ezinezkoa" dela diote , "alde batetik toreatzaileek ganadutegien inguruan dituzten eskakizunengatik eta, bestetik, aurrekontuagatik".
Beraz, azken urteetako joerari eutsiz, toreatzaile gazteei aukera eman nahi diete plazan aritzeko, eta beteranoak ere gonbidatu dituzte, Victor Puerto eta Luis Encabo, kasu. Lehen aldiz izango dira Azpeitiko plazan Sebastian Sanchez Mora, Luis Antonio Gaspar
Paulita, Sergio Serrano eta Juan del Alamo. Azken hau eta David Mora Sevilla eta Madrileko feriatan "arrakasta handiak lortuta" datozela adierazi dute elkartekoek. Era berean, David Mora eta Jimenez Fortes zezenak harrapatu zituen Madrilgo San Isidro ferian eta Iruñarako San Fermin jaietarako zalantza izanik, Azpeitian ekin diezaiokete, berriro, lanari.
Baina ganadutegiak izango dira feriako osagai garrantzitsuenetako. Aurtengo hiru ganadutegietatik bi egonak dira lehen ere Azpeitiko plazan, azkenekoz, iaz. Celestino Cuadri eta Pedraza de Yeltes dira horiek. Lehen aldiz etorriko dira, aldiz, Valdellan ganadutegiko zezenak.
Bestetik, ohiko ordutegia aldatu egingo dute aurten, eta 18:00etan beharrean 18:30ean hasiko dira zezenketak. Izan ere, iaz esaterako, "bero handiak egin zituen eta eguzkitako eserlekuetan zeudenetako batzuk ondoezik sentitu ziren eguzkiagatik". Zezenketaren hasiera ordu erdi atzeratuz, arazo hori aridu daitekeela uste dute antolatzaileek.
Gipuzkoako zaleen topaleku
Zezenketak antolatzerakoan, krisiaren beherakada nabaritu izan dute elkartean azken urteotan, baina gaur, egun Gipuzkoan dagoen zezenketa feria finko bakarra Azpeitikoa izanik, (Eibarren, aurten, jaialdi bat egin bada ere), beheranzko joera horri buelta ematen hasi direla uste dute. "Iaz ikusi guenuen gorakada pixka bat, Donostian jada zezenketarik ez egoteak ere izan zuen bere eragina gurean eta espero dugu Gipuzkoako zaletasunak parte hartuko duela Azpeitiko ferian". Frantziako ikuslegoa ugaritzen ari dela nabarmendu dute, "Frantzian asko bizitzen baita zezenzaletasuna eta ganadutegi indartsu eta interesgarriak ekarriz gero, frantzesak mugitu egiten dira". San Inazio egunez plazan egongo den Valdellan ganadutegia, esaterako, oso izen ona ari da hartzen Frantziako zaleen artean.
Sarreren salmenta laster
Sarrerei dagokionez, abonoak berritzeko eta berriak egiteko epea uztailaren 7tik 19ra bitartean izango da. Uztailaren 19rako euren abonoa jaso ez dutenek, horientzako duten eskubidea galduko dute eta salgai jarriko dira sarrera horiek ere. Uztailaren 21ean hasiko da abonoz kanpoko sarreren salmenta. Plaza Txikian, Udaltzaingoaren bulego ondoko lokalean ipiniko dute takilla, ohi bezala eta zabalik egongo da astegunetan, 18:00etatik 20:00ak bitartean, festa bezpera eta larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara. Zezenketa egunetan takila hau zabalik egongo da 11:00etatik 13:00etara eta Zezen Plazan bertan 16:00etatik aurrera. Kasu honetan, eguneko sarrerak bakarrik salduko dira. Eskaera edo argibidetarako telefonoa: 943- 15 71 60 (takila orduetan).
EGITARAUA
Uztailak 27, igandea
-18:30. Desenkajonamentua.
Uztailak 31, osteguna
-18:30. Lehenengo zezenketa.
- Ganadutegia: Valdellan (Santa Maria del Rio, Leon)
- Toreatzaileak: Victor Puerto, Luis Miguel Encabo eta Sanchez Mora
Abuztuak 1, ostirala
-18:30. Bigarrengo zezenketa.
- Ganadutegia: Celestino Cuadri (Trigueras, Huelva)
- Toreatzaileak: Javier Castaño, Paulita, Sergio Serrano
Abuztuak 2, larunbata
-18:30. Hirugarren zezenketa.
- Ganadutegia: Pedraza de Yeltes (Castraz, Salamanca)
- Toreatzaileak: David Mora, Juan del Alamo, Jimenez Fortes