Eusko Protour Zarautz 3x3 saskibaloi txapelketa uztailaren 18tik 20ra jokatuko da

Aritz Mutiozabal 2014ko uztailaren 3a

[Sasoian.info] Aurtengo udan ere 3x3 saskibaloiko bi txapelketa jokatuko dira malekoian, Zarauzko Damaren eta Desertu Txikia artean. Bigarren urtez jarraian, Espaniako Federazioak Protour zirkuituan barneratu du Zarautz, eta, hori horrela, ZAST Zarauzko Saskibaloi Taldeak eta Euskal Saskibaloi Federazioak Eusko Protour Zarautz antolatu dute elkarlanean uztailaren 18tik 20ra. Zarauzko ohiko 3x3 txapelketa, izaera herrikoia duena, abuztuaren 23-24ko asteburuan egingo dute.

Lehen txapelketa bi aste barru jokatu da, eta jada izena eman daiteke www.zast.es webgunean. Parte-hartzea mugatua izango da; izan ere, gehiengo kopuru bat zehaztu dute kategoria bakoitzerako. Beraz, txapelketan lehiatu nahi duenak bizi ibili beharko du. Iaz 167 taldek hartu zuten parte, baina aurten gehiago izatea espero du antolatzaileek. Aditzera eman dutenez, asko eta asko jokatzeko gogoz geratu ziren iaz.

Eusko Protour Zarautzek hiru egun iraungo du. Uztailaren 18an, minibasketeko partidak jokatuko dituzte, eta Euskadiko gazteen selekzioak lagunarteko bat. Uztailaren 19an, infantil, kadete eta junor mailako txapelketak izango dira jokoan egun osoan. Horrez gain, klinik saioa egingo dute entrenatzaile ezagun batekin. Uztailaren 20an, azken egunean, aurreminibasket, beterano eta senior mailakoen txapelketak izango dira.

Saskibaloiaz gain, beste jarduera batzuk ere antolatuko dituzte aurten ere. Egitasmoak irauten duen bitartean Gipuzkoa Basketen utzitako puzgarriak jarriko dituzte pasealekuan, eta igandean, gainera, patata tortila lehiaketa egingo dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide