Reyes Azkoitia: "Bizitza erdia eta poztasun handiak eman dizkit pilotak"

Nerea Uranga 2014ko uzt. 3a, 05:06

Reyes Azkoitia pilota entrenatzailea Elosuko frontoian (Nerea Uranga/Hitza) Sorterrian hasi zen pilotan Reyes Azkoitia (Azkoitia, 1952), eta bizi erdia eman dio pilotak. Martirieta auzokoa da, Urteaga baserrikoa. 20 urte arte, ezkondu arte, bizi izan zen Martirietan, baina geroztik Elosutik Bergara aldera dagoen etxe batean bizi da. Igandeak pasatzera askotan Elosura joaten da, baina Azkoitira gutxi etortzen da gaur egun: «Lehen ama bizi nuen artean joaten nintzen, hilean behin edo. Eta, orain oso gutxi». Zazpi anai-arreba ziren, «bi hilda daude eta orain bost gara».  Atzetik anai bat du, gazteagoa: «Bi anaik ere pilotan jokatzen zuten, eta gazteena, Javier, profesionaletara ere iritsi zen. Hari txikitan irabazi egiten nion, eta ikaragarri haserretzen zen, beste edozeinek irabazita baino gehiago. Gizonezkoek emakumeen kontra galtzea ez dute superatzen, eta inoiz ez dute superatuko gainera». Umetan pilotan hasi, gero ezkondu berritan berriro pilotari heldu eta semeari segika Bergarako Pilota Eskolako entrenatzaile hasi zen. Gaur egun oraindik haurrei pilotan erakusten dihardu. Martirietako umetako garaiak nola gogoratzen dituzu? Martirietako eskolako garaiekin akordatzen naiz. Hortik aparte, astoarekin jaisten ginen kalera esnea banatzera, arratsaldeetan josten ikasten ere ibili nintzen, eta urtebetez Azkoitiko Antianean zerbitzatzen jardun nuen. Gero, ezkondu eta Bergarara. Eskolan gutxi egin genuen. Gaur egun kartelen batean hizkiren bat gaizki jartzen badut, mutikoek zuzendu egiten didate. Eskolan 11 urtera arte bakarrik ibili nintzela esaten diet orduan. Martirietan eskola erdaraz ematen genuen, eta guk ez genekigun erdaraz. 7 urterekin gu inoiz etxetik irten gabe geunden. Eskolan euskaraz egiten bagenuen papertxo bat ematen ziguten, euskaraz egiten zutenen artean banatzen zen, eta jolaserako garaian papertxoa zuena jolasera irten gabe gelditzen zen. Ordea, guk ez genekigun gaztelaniaz, gaztelaniaz kalera esnea banatzera jaisten hasi ginenean ikasi genuen. Erdaraz eskolan ez nuen batere ikasi, denok euskaldun-euskaldunak ginelako. Gero, 20 urterekin ezkondu eta Bergarara joan zinen bizitzera. Bai, semea izateko nengoen, in fraganti. Gaur ez, baina garai horretan nahiko bekatu zen. Orain, berriz, ezkondu gabe neska-mutilak familia edukitzea natural-naturala da. Martirietakoa izanda, inoiz soinurik edo panderorik hartu al duzu eskutan? Ez, ez dut hartu. Baina, soinujoleari berari begira egotea izugarri gustatzen zait: hatzapar dantza horiei begira egotea oso gustukoa dut. Soinuari ez, baina pilotari heldu zenion. Azkoitian bertan hasi al zinen pilotan? Martirietako frontoian hasi nintzen. Han, neskak sokadantzan ibiltzen ziren eta mutilak pilotan. Etxean beti mutil artean ohituta nengoen, eta jolas garaian ere mutilengana joaten nintzen. Sokadantzan baino gehiago gustatzen zitzaidan pilotan ibiltzea, eta beti pilotara jotzen nuen. Baina, normal-normal aritzen nintzen: Martirietako tabernako alabak ere, Urrategik, pilotan jokatzen zuen, eta gainera nik baino hobeto. Gu mutilen artean beste bat gehiago bezala ibiltzen ginen. Baina, eskolako garaiak bukatu eta pilota utzi egin zenuen ezkondu zinen arte. Eskolatik gelditu eta pilota alde batera geratu zen. Senarra Elosukoa da, eta asteburuetan Elosura etortzen ginen, baina auzora bertara ez, baserrira. Gero, Elosura bertara etortzen hasi ginenean seme-alabak nituen, eta haurdun nengoen, txikienaren zain. Tripa handiarekin pilotan jokatzen nuen Elosuko frontoian, eta hemen batek hala esan zuen nigatik: ‘Baina, dagoen bezala egon eta pilotan hasteko hau sano al dago?’. Orduz gero, jaiero etorri gara Elosura, eta berriz ere Martirietan banenbil bezala pilotan hasi nintzen, umeekin eta. Gero, semea hazten ari zen heinean, leku batera edo bestera joaten hasi ginen, eta jendeak semearekin pilotan jokatzen ikusten ninduen, eta harritu egiten ziren. Publikoaren aurrean noiz jokatu zenuen aurreneko partida? Publikoaren aurreko aurren-aurreneko partida Elgetan jokatu nuen; ongintzako partidaren bat edo zen. Azkoitian ere jokatuta nago, uste dut Gurutze Gorriaren aldekoa zela: binaka jokatu genuen, Bergarako bik Azkoitiko beste biren aurka, gizonekin jokatu nuen orduan. Emakumeen kontra behin bakarrik jokatu dut, Ariño azkoitiarraren aurka. Emakumearen kontrako hartan oraindik egon naizen urduriena egon nintzen. Mutilen aurkako partidetara lasai joan izan naiz, dena galtzeko neukalako, baina emakumeen kontra lehia gogorra egiten zitzaidan. Zuk jokatzen zenuenean publikoak nola erantzuten zuen frontoian? Denetik zegoen: batzuek sekulako mirespena azaltzen zuten, eta beste batzuek etxean patata tortilla egiten banengo hobe litzatekeela zioten. Baina, orokorrean onartzen zuten. Hala ere, beti garbi eduki dut, nire ordez han jokatzen zuena euren emaztea balitz ez luketela onartuko. Beste baten emaztea nintzen bitartean ondo hartzen ninduten. Aldiz, Elosun, frontoian pilotan ikusita inoiz inork ez dit ezer esan, ezta musean aritzen naizenean ere. Beti gizonezkoekin aritzen naiz, eta beste bat bezala kontatzen naute. Bizitza hemen egiten dut, eta hori niretzako oso garrantzitsua izan da. Baina, Elosutik kanpo, frontoian-eta animatzen egoten ziren haietatik hamarretik zazpik behintzat, badakit seguru, emaztea eurena balitz ez luketela onartuko. Zeure kasa ikasi al duzu pilotan? Bai, normaltasun baten barruan jardun dut nik pilotan. Umeek futbolean edo sokadantzan jolasean jardun izan duten bezala, ni pilotan ibili naiz. Gero, umetan ikusi duzun hori erraz jasotzen da. Gazte denboran pilotan aritzeko aukera gehiago ez edukitzearen damurik ba al duzu? Gazte garaian ez nuen hori faltan bota, ez nuelako jokatzen. Gerora, ordea, bai. Pilota erakusten hasi nintzenetik aurrera faltan bota nuen gehiago jokatzeko aukerarik ez izana. Gaztea nintzenean antolatuta egongo balitz jokatuko nukeen, baina orduan ez zegoen gaur egun bezala. Hala ere, orduan bezalaxe esku pilota oso zaila da orain ere. Nik 25-26 urte daramazkit Bergaran pilota irakasten, eta pilotara ez da neskarik etortzen. Entrenatzailea emakumea izanda, esan daiteke erraztasun gehiago dagoela, baina banaka etortzen dira. Urte bakar batean antolatu dugu nesken arteko txapelketa. Txapelketa bat jokatzeko gutxienez urte bereko hiru pilotarik egon behar dute, eta neskekin behin bakarrik lortu dugu. Orain, bi neska dabiltza pilota eskolan, baina batek 9 urte eta besteak 11 ditu. Mutilekin lehiatzen dute, naturaltasun osoarekin. Lehen, pilotan nahiko ondo ibiltzen zen neska bat genuen, baina aurreko urtean utzi zuen, bakarrik gelditu zelako. Izan ere, infantiletatik gorako mailetan zailagoa da mutilekin lehiatzea. Gaur egun, Emakumea Pilotari proiektua ere badago. Bai, baina erremintarekin jokatzen dute. Eta ez da eskuzkoa alde batera uzten delako, emakumeak eskuzkoan jarduteko prest baleude, berdin antolatuko litzateke txapelketa. Gu aurten hasi gara pala ematen, eta lau neska dabiltza, baina bene-benetan bi dabiltza. Zortzi edo hamar etorri ziren hasieran, gero sei gelditu ziren, eta bukaeran entrenatzera serio bi etorri dira. Horiek datorren urtean kadeteen mailan txapelketa jokatzeko moduan dira; Bergaran ez dugu horrelakorik eduki orain arte, eta hor pixka bat aurrera egingo dugu. Bergarako Pilota Eskolan nondik nora hasi zinen? 24-25 urte dira pilota eskolan hasi nintzela, eta pilota elkarteko zuzendaritzan 26 urte daramazkit. Semea pilota eskolan hasi zen, eta gurasoak bilera batetara deitu gintuzten. Orduan zortzi zuzendaritzan sartu ginen; oraindik orduko seik segitzen dugu. Gu sartu ginenean Jokin Etxaniz eta Jose Mari Zezeaga jarri nahi izan genituen eskolako entrenatzaile: Etxanizek urtebete egin zuen, baina Zezeaga ez zen estreinatu ere egin. Garai hartan, ni semea eskolara eramatera joaten nintzen, eta mutikoak bakarrik ikusten nituen. Pixka bat laguntze aldera hasi nintzen, sartzen joan eta eskola antolatzen bukatu nuen. Akordatzerako barru-barruan sartuta nengoen. Etxetik semea kalera jaitsi behar izaten nuen entrenamendura, eta hala hasi nintzen. Agian, kalean bizi izan banintz noiz edo noiz joango nintzen entrenamendua ikustera, izan ere kalean horma baten kontra ari direnei ere sarri egon naiz begira. Ni entrenatzaile hasi eta urtebetera semeak utzi egin zuen pilota. Eta oraindik horretan segitzen duzu. Bai, urte askorako ezingo da izan baina... Hala ere, orain baditut laguntzaileak. Nirekin pilotan ikasten ibilitako bi dira. Semea pilotan ibili duzu, eta alabak ez al dituzu animatu? Ez, pilotan ez. Oso kirolzaleak dira, eta futbolari heldu zioten. Bergaran futboleko nesken taldearen sorreran ibili ziren. Dena den, Elosun, bazkalondoan geure artean eta bilobekin pilotan ibiltzen gara, eta asko gozatzen dugu denok. Amaren pilotarako zera hori ez dute. Biloba txikienak bikiak ditut, neskak down sindromea du, eta bestea mutikoa da, eta honek pilotarako zaletasun handia du. Beste bilobetako batek zortzi urte ditu eta gurasoek pilota eskolara bidali nahi dute, baina berak ez du nahi. Mutikoak ez badu nahi ez bidaltzeko esaten diet, eskolara bidalita izandakoek zer onura ateratzen duten ederki dakidalako nik. Pilota eskolara bere gustuz doanak bere kabuz jarduten du pilotan. Pilotak zer eman dizu? Ene! Ia bizitza erdia, poztasun handiak eman dizkit pilotak. Nahigabe txiki batzuk ere bai, baina horiek ez dira ezer pasatu ditudan gozamenen ondoan. Bizitza erdia lotzen dut pilotarekin. Eta zerbait kendu al dizu? Orduak. Ordu batzuk kentzen dizkit: esaterako, arratsaldeetan lagunak kafea hartzeko gelditzen dira, eta nik frontoira joan behar izaten dut, handik soldata baneuka bezalaxe. Hala ere beti diot: zerbaitetan sartuta egonez gero, igoal da kobratuta edo ez, ordutegia berdin-berdin mantendu behar dela, bestela ez dagoelako antolaketarik. Niretzat egunero lagunekin kafea hartzea monotonia izugarria da, baina igoal egun batzutan horretarako gogoa ere edukitzen dut, eta ezin. Lotura eskatzen du, eta gauza puntual batzuk kendu dizkit, baina oztopo handia ere ez da izan. Pilotari krisiak ere eragin dio. Zuk gaur egun nola ikusten duzu pilota? Krisi handi batean. Ikusle aldetik, behintzat, hutsune handia ikusten da. Profesionalen pilota jaialdiak asko jaitsi direla diote: ia erdira jaitsita daudela, eta telebista egongo ez balitz egoera beltzagoa litzatekeela. Bergaran afizionatuen elite mailako bi txapelketa antolatzen ditugu, eta horietara jende dezente joaten da. Baina, ordaindutako horren aurrean jendeak atzera egiten du. Eta pilotaren etorkizuna, pilota eskolatik nola ikusten da? Beno, jendea badabil pilota eskolan. Bergaran bi urteko hutsunea daukagu: 14-15 urte egin behar dituzten Bergarako mutilik ez daukagu, eta hori niretzako porrot handia da. 12 urtera arte pilotan ibili eta gero futbolera joan dira. Bi urteko hutsunea asko da, eta datorren urtean Herriartekoa jokatzeko kadete mailako Bergarako pilotaririk ez daukagu. Zerbait ondo egin ez denaren seinale dela pentsatzen dut. Hala ere, hamar urtetik beherakoetan sekulako pila dabil pilota eskolan. MOTZEAN - Pilotari bat aukeratzekotan? Irujo, oso Irujo zalea naiz. Lehen Retegiren zalea nintzen, eta orain Irujo. - Frontoi bat? Bergarakoa beti asko gustatu izan zait. Donostikoa ere bai. Bilbokoa ederra dela diote, baina niri Bilbo bezain handia iruditzen zait frontoia bera ere. - Frontoi txikietan? Nik nahiago handian. - Pilota, nolakoa? Bizi-bizia ez dadila izan. Pixka bat emandakoan nabarmentzen dena, baina edozeinek jota mugitzen ez den horietakoa. - Pilota ez den beste kirol bat? Futbola. Eta futbolean seme-alabekin eta ibili izan naiz. - Eta futboleko zein talde? Reala. Beñat Rezusta pilotari profesionalaren entrenatzaile izandakoa da Azkoitia Beñat Rezusta binakako eta buruz buruko Bigarren Mailako gaur egungo pilotari txapelduna Bergarako Pilota Eskolan ibilitakoa da, Reyes Azkoitia entrenatzaile zuela. «Gaur egun moda-modan dagoen pilotaria da. Mutiko-mutikotatik nirekin entrenatu du, eta Bergarako pilota eskolarentzako egundoko bultzada da, baita Bergarako herriarentzako ere», dio Azkoitiak. Azkoitia bera ere oso gustura dago Rezusta pilotan egiten ari den lanarekin: «Berak irten du, baina hor dago pilota eskola ere. Nire lehentasuna beti da pilota eskola, bai lehen, bai gaur egun ere. Aurrena etxekoa da, eta gero kanpokoa». Hala ere, segitzen du Rezusta: «Partidaren baten ostean beti egoten gara, telefonoz mezu bidez bada ere. Oso mutil jatorra da, eta pilota eskolara beti etortzen zaigu bisitaren bat egitera ere. Lotura estua daukagu», azaldu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide