IRITZIA: Gogoratzen?

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 3a

IRITZIA. Bostekoa. Ainhoa Alberdi Alice kulerorik gabe esnatu zen ohean, lotsaren lurraldean, zikintasunaren usaina nabari zuen, jasanezina egiten zitzaion sentsazioa eta une horretan babesa beharko zukeen… nork besarkatu ahal zuen? Bakarrik zegoen lur eremu horietan… Esnatu berri zen lurralde horretan ahoak mutuak ziren eta eztarritik ez zen hots txikiena ere ateratzen. Gorputzaren ixurien usaina… plazeraren zantzu txikiena ezabatu nahiko zukeen bere gorputzetik debekuaren itsaso mugagabe horietan. Nola egin zezakeen ihes? Bere hauskortasun horrek inguruko beste lurralde baten usaina zekarkion; askatasunaren lurraldea, algaraz beteriko itsasoak zituena, dantza amaigabean murgildu eta jira-bira mugagabean betiko zoriontasuna topatuko zuenaren usain gozoa… Baina horretarako lurralde haiek inguratzen zituen harresia gainditu behar zuen, eta hori arriskutsua zen, lortuz gero zuzen-zuzenean betirako kanporatua izango baitzen, maite zituen izaki guztiengandik banandua, mundutik aldendua, begiratua… bakarrik sentituko zen. Nork besarkatuko zuen orduan?...». Oroimen eta oroimen ezaren itsasoetan murgildurik nabil azkenaldian. Zer egin oroitzapenek zure buruan laku zuri bat uzten dutenean? Askatutako hari bati segika hasi eta haria bat-batean mozten denean? Inorako seinalerik utzi gabe? Aurreko egun batean artista bati entzun edo irakurri nion, oroitzapenik ez badugu, asmatu dezakegula nahi duguna. Eta egia da, asmatu dezakegu. Ideia ona iruditu zitzaidan. «Bale, asmatu egingo dut!». Gainera, horrela gauza politak asmatzeko aukera izango dut. Baina ezin gauza politik asmatu une honetan, oraineko seinaleek, lehenaren oroitzen ez duzun zati hori polita ez dela adierazten dutenean, orduan gertatutakoak gaur zure bizitza mugatzen duela sentitzen duzunean, jada ipuin politak sinesteko begiak itxi ezin dituzunean. Ba, orduan, amesgaiztoa begiratu behar, beste erremediorik ez dago kate horietatik askatu nahi badugu… Leheneko une horiek begiratu, beraiek sortzen diguten ezinegon eta sentimendu nahasi guztiak ikusi eta maitasun handiz besarkatu eta horrela beharbada oroitzapen horiek sortzen duten munstroa pixkanaka-pixkanaka txikituz joango da eta zure begien parez pare jarri eta orduan aurpegira hitz egin ahal izango diozu. Noski, beldurrez beterik, baina motxilatik harri koxkor pisutsu batzuk kentzearen itxaropenez. Horrelakoa da bizitza, batzutan ipuin politak asmatzen ditugu eta ipuin horiek sinesteko gauza ere bagara eta zoriontsuak garela uste dugu une horietan, eta horrela da, zoriontsuak gara… Beste batzuetan, ordea, ipuinak ilunbetik datoz, eta lur azpian gertatzen denaren jakituria dakarte, lokats artean bizi diren energien indarra. Eta ikasgai hauek ere garrantzitsuak dira bizitzan aurrera egiteko. Batzutan ez dira oso atseginak, lan asko egitea eskatzen dute. Sentsazio arraro bat sortzen duten arren, ezin esan zorigaiztokoak bihurtzen garenik… Zoriontasun berezi bat dela esango nuke, bizitzan aurrera egitearen sentsazio nahasia… batzuetan sabela ere nahasteraino… «Alice-k gau hartan igelak eta sugeak bota zituen ahotik.Lasai geratu zen. Ohean sartu eta bere burua besarkatu zuen goxo-goxo, loak hartu zuen arte…Amets politak hegan iritsi ziren…». Hala bazan ta ez bazan…

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide