Larunbatean hasiko da Azpeitia Dantzan zikloa

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 2a

Sahatsa Dantza Taldearen 'Kondairaren oihartzunak' emanaldiko une bat Urteroko hitzordua dute dantzazaleek Azpeitian, larunbat honetan hasiko baita Azpeitiko Udalak antolatutako Azpeitia Dantzan zikloa. Aurten, lau emanaldik osatuko dute egitaraua: Sahatsa Dantza Taldearen emanaldiak, Jose Mari Orbegozok gidatutako Areto Dantza emanaldiak, Itsasi Dantza Taldearen ikuskizunak eta Rouge Elea konpainiaren Ronde kale ikuskizunak. Sahatsak lehen konpasak Larunbat honetan izango da Azpeitia Dantzan zikloko lehen emanaldia. Sahatsa Dantza Taldea, Azpeitiko Musika Banda eta Julian Barrenetxea abesbatza elkartuko ditu Juan Luis Lizabek zuzendutako Kondairaren oihartzunak ikusikizunak. 22:00etan hasiko da saioa, Soreasu Antzokian. Garai bateko Euskal Herria ekarriko dute: sorginen istorioak, akelarreak edota akerrari egindako gorazarreak erakutsiko dituzte; baita bardoen lana eta euskal lurretako lasaitasuna mehatxatzen zuten inbasio eta inbasoreak ere. Kontaezinezko baskoien guda ugarietako garaipenak ere erakutsiko dituzte. Bi zatiko ikuskizuna osatu dute Sahatsa Dantza taldekoek, errenazimenduan du abiapuntu eta ezpata dantza, dantza herrikoiak eta zezen eta makil jokoz hornitutako festak ditu ardatz bigarren zati alaiean. Pablo Sorozabal, Jesus Guridi, Turrillas, Johann Strauss eta Robert W. Smith-en musika erabili dute. Egitaraua -Uztailak 5, larunbata. Kondairaren oihartzunak. Sahatsa Dantza taldea, Udal Musika Banda eta Julian Barrenetxea Abesbatza. 22:00etan Soreasu Antzokian.. -Uztailak 13, igandea. Areto Dantzak, Jose Mari Orbegozorekin. 20:00etan Soreasu Antzokian. . -Uztailak 19, larunbata. Itsasi Dantza taldearen emanaldia, Ainara Bidal eta Maite Maizen zuzendaritzapean. 22:00etan Soreasu Antzokian.. -Uztailak 20, igandea. Dantza-Zirkoa, Ronde Kale Ikuskizuna, Fanny Soriano eta Corine Cellak zuzenduta. 19:30ean Done Jakue kaleko parke inguruan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide