Ezkerretik, Mugikortasun zinegotzi Mikel Goenaga, Jabier Makazaga Gran Camping Zarautzeko arduraduna eta Alustiza autobus enpresako ordezkaria, Gabino Gonzalez de Txabarri.
Herriko autobus zerbitzuaren gabezia bat betetzeko, autobus linea bat jarri dute martxan. Gran Camping Zarautz eta Talaimendi ingurua herrigunearekin lotuko ditu horrek. Hamar joan etorri egingo ditu horrek egunero, goizean bost eta arratsaldean beste bost. Kanpinetik 10:30ean irtengo da lehenbiziko autobusa eta hortik aurrera orduro egingo du bidaia bera, 14:30a arte. Arratsaldez, hiru orduko atsedenaldiaren ostean, 17:30ean hasiko du zerbitzua Talaimenditik, eta 21:30a arte funtzionatuko du. Herrigunetik kanpinera igotzeko, berriz, laurden gutxiero pasatuko da autobusa Zarauzko ohiko hiru geltokitatik, San Pelaio, Sanz Enea eta La Perlatik, zehazki. Bidaia bakoitzak 1,5 euro balioko du, eta hamar bidaietako txartelak ere erosi ahalko dira autobus bertan, hamar euroan.
Ekimen berria "proba" gisa jarri dute martxan, Gran Camping Zarautz-eko ordezkari Jabier Makazagak jakinarazi duenez. Herri barruko autobusaren "gabeziari" aurre egingo dio horrek. Izan ere, hori ordutegi mugatuan igotzen zen Talaimendira, eta erabiltzaileek eskatu egin behar izaten zuten hori, gainera. Horretarako SMS mezu bat bidali behar izaten dute 943-877777 telefono zenbakira. Autobus berriarekin, berriz, udan "eragin handia" duen gune bati zerbitzua emango dio. Bisitariek ez ezik, herritarrek ere erabili ahalko dute.