Eskualdeko bost herritako bidegorri zatiak diruz lagunduko ditu aldundiak

Ane Olaizola 2014ko uztailaren 2a

Madinabeitia plazatik Ibai Ondora arte egingo dute Azkoitian bidegorria. (Ane Olaizola/Hitza) Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Bide Azpiegiturak Sailak hemeretzi udaletako bidegorrietarako diru laguntzak emango ditu. Udalerrietan bizikletaren erabilera areagotzea da sustatu nahi dutena. Guztira 250.000 euro banatuko ditu, eta eskualdean Azkoitiko, Azpeitiko, Aizarnazabalgo, Orioko eta Zarauzko udalei lagunduko die, bidegorriak egin edo egokitu ditzaten eta modu horretan mugikortasun iraunkorragoa lortzeko. Azkoitian, esaterako, udalak oraintsu onartu du trenbidea luzatzeko 43.000 euroko kreditu aldaketa. Urolako trenbide zaharren ibilbidearen barruan, Aita Madinabeitia plazatik (Elkargune ondoko plaza) Ibai-Ondo kalera arte egingo dute bidegorria, 66.000 euroko aurrekontuarekin, eta handik 22.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzetatik jasoko du. Aita Madinabeitia plazako etxebizitzen atzeko pasabidea txukundu eta bidegorria egingo dute, gasolindegira arte. Modu horretan, Azpeitirako eta Zumarragarako bidegorriak lotu nahi ditu udalak. Izan ere, Azpeititik datorren bidegorria udal liburutegiraino iristen da, baina Aita Madinabeitiarako tunela ere bidegorri bezala dago izendatuta. Zumarragakoa, berriz, Jausoro auzoko Danobat eremura iristen da; udalak esan du handik gasolindegira bidegorria jartzeak «aurrekontu handia» eskatzen duela. Horren ordez, beraz, tarte horretako errepidean bizikletentzako erreil bat markatuko dute. Guztira 60 metro luzeko lanak izango dira, eta bidegorria egin eta ibilbidea egokitzeak «berebiziko garrantzia» duela azpimarratu du udalak, «eskualdeko ibilbidearen lotura eragingo duelako». Bidegorria udazkenean irekitzea aurreikusten du udalak. Azpeitian, berriz, Joan XXIII. auzoa eta Zubi-Zar bitarteko zatian hasi eta Amuko Zubia pasa arteko bide zatia argiztatzea izango da aldundiak lagunduko duen proiektua. Proiektuaren aurrekontu osoa 16.000 eurokoa da, eta aldundiak 5.000 eurorekin lagunduko du. Modu honetan, lehendik argiztatuta zegoen Amuko Zubitik Ondarbide aldera doan bidearekin lotuko da bidegorria, eta osatuta geldituko da Alde Zaharra eta Landeta auzoaren hasiera lotzen dituen bidegorri zatia. Argiztapenari dagokionez, LED argiak erabiliko dituzte, energia eta dirua aurrezteko. Aizarnazabalen ere Amilibiako herri bidea egokitzeko proiektua martxan dute. Amilibia baserritik Zestoako Iraeta auzora bitartean dagoen bidegorria konpondu beharra dagoela uste du udalak, hainbat oztopo eragiten baititu erabiltzen dutenentzat. Kilometro eta 300 metro inguruko bidearen zati bat harrizkoa da, beste zati batzuetan lurra dago. Euriaren eraginez putzuak sortzen dira, eta gero eta zulo handiagoak daudela adierazi dute. «Paseorako ez da oso erosoa izaten». Horri aurre egin nahian, bide osoan hartxintxarra jarriko dute, eta ur hodiak bideratuko dituzte. 54.000 euroko aurrekontua dute horretarako, eta 20.000 euro jasoko dituzte aldunditik. Lanak esleitu gabe dituzte oraindik, eta udarako obrak hastea espero du udalak. Orion bidegorria eginda Orion ere jasoko dute aldundiaren laguntza, 10.000 eurokoa. Izan ere, 30.000 euro behar izan dituzte Ibaiondo kaleko bidegorria egiteko. Iaz hasitako lanak urte hasieran amaitu zituzten, Topagune Berdea Ingurumen Aholku Batzordearen eskaerak kontuan hartuta. Izan ere, udalak gogoratu du batzordeak mugikortasun azterketa bat egin zuela, eta han atzeman zuela herritar askok kontrako norantzan egiten zutela Anibarko portutik herrigunera sartzeko bidea. Horri erantzuna emateko asmoz egin dute bidegorria; «puntu beltzak» identifikatu ondoren, eremu horretan egin dute bidegorria. Bi erreiletatik batera mugatu dute errepidea, eta aparkalekuak mantenduta, bizikletentzako errepidea jarri dute, 200 metro ingurukoa. Aurrera begira, moila osoa ikastolako bidearekin lotzeko asmoa du udalak. Zarautzen, bere aldetik, Bizkaia kale ingurua eta Vista Alegre auzoa lotuko dituen bidegorria egingo dute; Meaga bidean eta bi norabidetan joan ahal izango dute bizikletek. 59.000 euroko proiektua du udalak, eta aldundiak 22.000 euroko laguntza eman die horretarako. Lanak udazkenean egingo dituzte. Modu honetan Zarauzko bidegorri sarea «nahikoa aurreratua» geldituko dela azpimarratu du Mikel Goenanaga Zarauzko Udaleko zinegotziak. Mendebalde- ekialde, eta iparralde-hegoalde ardatzak osatuta, Malekoiaren ardatz paraleloa egitea faltako litzateke, Goenagak azaldu duenez. «Ibilgailuen eta mugikortasunaren filosofia» aldatu du Zarauzko Udalak eta, bizikletentzako erreiak errepidera atera dituzte, «errepideak ez daitezen motordun ibilgailuentzat soilik izan eta gidariek ikus dezaten ez dela eurena lehentasun osoa», azaldu du Goenagak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide