Geoparke izaera mantendu ala ez aztertuko dute

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 2a

Geoparkeen Munduko Sareko ikuskariak etorriko dira Euskal Kostaldeko Geoparkera, geoparke izendapenari beste lau urtez eusten dion erabakitzeko. Gaur eta bihar egingo dute ebaluazioa, eta besteak beste Plan Estrategikoan zehaztutako helburuak betetzen dituen eta 2010ean egin zen lehendabiziko azterketan identifikatu zituzten ahuleziak hobetu dituzten kontuan hartuko dute. Horretaz gain, ikuskariek kontuan hartuko dute geoparkeek sarean duten jarrera aktiboa ere: bileretan parte hartzea, bateragarriak diren proiektuetan parte hartzea eta Geoparkeen Astea, kasu. Euskal Kostaldeko Geoparketik azaldu dutenez, azken hilabeteetan lantaldea buru-belarri lanean aritu da bisita ondo prestatzeko eta ebaluazioa behar bezala gainditzeko. Hala, gaurko eta biharko hainbat bisita eta bilera programatu dituzte ikuskatzaileei Geoparkeak azken 4 urteetan egindako jarduera eta ekintza guztien berri emateko. Bestalde, Geoparkea osatzen duten hiru herrietako alkateekin (tartean Zumaiakoarekin), Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Basquetourrekin eta beste hainbat erakunde kolaboratzailerekin ere bilduko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide