Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Adinekoen esperientzia, ohiturak eta balioak «gizartearentzat aberastasuna» direla irizten dio Orioko Udalak, eta horregatik helburu garrantzitsu bihurtu da eurentzat adinekoen ongizatea bermatzea eta gizartean beren parte-hartzea bultzatzea. Ildo horretatik, Aktibatu! programa martxan jarri dute herrian uda garairako, adineko oriotarrak udan jarduera fisikoa egitera animatzeko asmoz.
Udaleko Kirol Batzordeak eta Ongizate Batzordeak bideratu dute egitasmoa elkarlanean, eta hasiera batean uztailean eta abuztuan egongo da martxan. Jarduera astean hirutan izango da: astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan. Ordutebete iraungo du: 10:30ean hasi eta 11:30ean bukatuko da.
Egitasmoan parte hartzen dutenak hondartzaraino joango dira oinez eguraldi ona egiten duenean, kiroldegitik abiatuta, eta han ariketa-sorta bat egingo dute. Gero, ostera, oinez bueltatuko dira. Euria ari duen egunetan, berriz, ariketak kiroldegian bertan egingo dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.
Herritik sortutako ideia
Adineko hainbat herritarrek egindako proposamenaren emaitza da egitasmo hau. «Zaharren Egoitzako zuzendaritza taldetik adinekoak kirola egitera animatzeko beharra nabarmendu ziguten. Bilera bat antolatu genuen Kiroldegiko zuzendariarekin, Kirol teknikariarekin, Gizarte-Ongizate zinegotziarekin eta adineko herritarrekin», azaldu du Aitziber Indart Orio Lagunkoia programako teknikariak. Bertan adinekoen ikuspegitik kirol arloan hobetu beharreko puntuak nabarmendu zituzten, eta hortik sortu zen Aktibatu!.
Ongizate zinegotzi Miriam Urangak azaldu duenez, irailetik aurrera martxan jarri nahi dute programa bat, eta hau haren aurrekaria izatea nahi dute. «Zarautzen Mugibil egiten duten moduan, Orion mota horretako jarduera bat sortu nahi dugu».
Aktibatu! Orio Lagunkoia programaren barruan kokatu dute. «Ariketa fisikoa egiteak osasuna hobetzeaz gain, adineko oriotarren gizarte parte-hartzea eta integrazioa bultzatzen ditu, eta beren arteko harremanak ahalbidetzen ditu. Azken finean, zahartzaro aktiboa lortzea da Orio Lagunkoiaren helburuetako bat, eta kirola egitea horretarako bidea da», azaldu du Indartek.
Programan parte hartu nahi dutenek Karela kiroldegian eman behar dute izena. Prezio sinbolikoa du egitasmoak; hiru euro hilabeteko.