Igande goizean jokatuko dute Zarauzko 6. BTT Trabesia

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 2a

Iaz abenduan egin bazuten ere, aurten ohiko egutegia berreskuratu du Zarautz-BTT-Pagoeta taldeak, eta iganderako, uztailaren 6rako, antolatu dute Zarauzko 6. BTT Trabesia. Zailtasun handiko 40 kilometrotako ibilbide nagusi bat prestatu dute, baina, era berean, zailtasun ertaineko bi lasterbide zehaztu dituzte: bata, 23 kilometrotako ibilbide motza, eta bestea, 30 kilometrotako ibilbide ertaina. Hiru ibilbideek bat egingo dute hasierako eta bukaerako tartetan. Goizeko 09:00etan abiatuko dira Aritzbatalde kiroldegitik parte-hartzaile guztiak, lagun giroan; izan ere, trabesiak ez du izaera lehiakorrik, ez baitago txapelik jokoan. Ariziatik Landarbiderantz joko dute txirrindulariek, eta hortik Agorregiraino helduko dira, Iturraran gurutzatuta. Laurgain eta Mindiko aldapak igo ostean, lehenbiziko anoa gunea topatuko dute. Arrobietatik Pagoetara helduko dira ondoren. Bertan erabakiko dute zein bide hartu 30 kilometroko ibilbidea ala 40 kilometrokoa egiteko. Izena Aritzbatalde kiroldegian eman ahalko da igandean bertan, 07:45etik 08:45era. Federatuek hamar euro ordaindu beharko dute eta ez-federatuek hamabost euro; azken hauei egun bateko segurua egingo zaie.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide