Astelehenean San Pedro jaien barruan Haurren Eguna ospatu zuten Orion, eta arratsalde partean Gueraraorio Elkartearen bidez Oriora etorri diren Saharako haurrei ongietorria egin zieten herriko plazan. Idoia Erasunek, Jokin Urangak eta Ahmed Labeidek martxoan sortu zuten elkartea Mendebaldeko Saharako herritarrei laguntzeko asmoz. Saharako haurrak udako oporraldia pasatzera Oriora etor zitezen gero eta harrera familia gutxiago zeudela jakinda, herritarren artean kontzientzia piztu eta laguntza eskatu zieten oriotarrei. Deialdiak harrera ona izan du, eta aurtengo uda pasatzera lau haur saharar etorri dira Oriora.
Haur eta guraso ugari bildu zen astelehenean ongietorrian, eta denek batera txokolate jana egin zuten. Horretaz gain, Orion bizi diren sahararrek tea prestatu zuten, gainontzeko oriotarrek dastatu zezaten.
Oriora bezala, eskualdeko beste hainbat herritara ere etorri dira Saharako haurrak. Saharautz Elkartetik azaldu dute haur bat etorri dela
Zarautzera;
Zestoara eta
Azpeitira bakoitzera hiru haur etorri dira, eta
Azkoitira beste bat. Dena dela, elkarteek azaldu dute krisiak zuzenean eragin diela familiei, eta asko jaitsi dela harrera familia kopurua eskualdean.