Hodei Tena, Iosu Aranburu, Julen Santesteban eta Alex Altolagirre, Lagun Onak taldeko kapitainak
Lagun Onak Futbol Taldeak aditzera eman duenez, Hirugarren Mailako taldeak, talde nagusiak, aurtengo kapitain berberekin jarraituko du datorren denboraldian. Lau jokalariren artean banatzen dituzte ardurak: Alex Altolagirre, Iosu Aranburu, Hodei Tena eta Julen Santesteban. Izan ere, jardun hori ere talde-lana dela sentitzen baitute: “Batek zama guztia eraman ez dezan, denok egin izan dugu lana, orain arte. Datorren urtean ere horrela jarraituko dugu; izan ere, kapitaina izatea ez da besokoa eramatea soilik”, adierazi du Iosu Aranburu lehen kapitainak.
Laurek taldean jarraitzea erabaki ostean, "itxaropentsu" begiratzen diote datorren denboraldiari. Santestebanek esan duenez, 2014-2015 denboraldia aldaketa askorekin dator, tartean, entrenatzailea, eta “motibazio berria” izango dute jokalariek. Altolagirre ere “talde berria ezagutzeko” gogotsu dago. Behin partiduak hasita, Hirugarren Mailari eustea izango da futbolarien helburua: “Talde bezala, salbatzea nahi dugu. Beharrezkoak diren 42 puntu horiek lortzera joango gara lehen unetik”, azaldu du Tenak.
Lagun Onak Futbol Taldeak datozen asteetan osatuko du lehen taldeko plantilla. Ekaina hasieran iragarri bezala, entrenatzaile berria izango dute gainera, Pablo Turrillas debatarra. Turrillasek Hirugarren Mailako eta baita Ohorezko Erregional Mailako hainbat talde entrenatu ditu azken urteotan, besteak beste, A.Ondarroa, C.Durango, Gernika, Anaitasuna, Arenas eta Zarautz.