(Aitor Manterola/Hitza)
[Sasoian.info] Itsaso zakarrari aurre eginez, San Miguel Ligako lehen bandera lortu zuen Oriok Bartzelonako uretan. Erakustaldi bikaina eman zuten oriotarrek, Irakoitz Etxeberria (Orio, 1976) patroiaren gidaritzapean.
Ligako lehen bandera etxera. Garaipen handia izango da hori Oriorentzat, ezta?
Bai, handia izan da. Eguna nola jarri zen ikusita oraindik ere handiagoa. Izan ere, lehen estropada zen eta urduritasun handiak genituen. Gainera, itsasoa nola jarri zen ikusita, are eta urduriago jarri ginen. Beraz, oso gustura gaude emaitzarekin.
Estropada benetan konplikatua jokatu zenuten, haizea eta olatuak medio. Zure lana, patroiaren lana, gakoa izan al zen?
Bien lana izan zen gakoa, patroiarena eta arraunlariena. Taldeak ez badu laguntzen patroiak nekez eramango du ontzia, eta alderantziz. Kasu honetan, patroiaren lana handia izan zen. Olatuak ikaragarri kolpatzen zuen istriborrean, eta horri eustea ez da batere erraza. Indar handia egin behar da, eta uneoro aurrea hartu behar diozu olatuari. Estropada konplikatu samarra izan bazen ere, nik ikaragarri gozatu nuen.
Horrelako estropadetan ikusten da traineru baten potentziala. Zuek hori erakusteaz gain, bigarrenari –Urdaibiari– 32 segundoko aldea atera zenioten. Espero al zenuten halakorik?
Arraunean bete-betean asmatu genuen. Lau luzeetan Urdaibaik baino denbora hobea egin genuen, alde batera zein bestera; hau da, haizearen alde eta kontra. Hori oso erreferentzia ona da guretzako. Guk, gure buruari, estropada kontrolatzeko gai garela erakutsi genion. Irten eta berehala, haizea alde genuela, hirugarren jarri ginen, baina bagenekien ziaboga hartutakoan haizea kontra izango genuela eta gauzak asko zailduko zirela guztiontzat. Beraz, buelta eman eta bigarren luzeari heldu genionean indarrez ari ginen, eta pixkanaka-pixkanaka estropada hausten ari ginen. Une horretan, gu geu ere gora etorri ginen, eta sekulako erakustaldia eskaini genuen.
Oraindik lehen estropada da, baina aurtengo liga irabazteko faboritoak zaretela esan al daiteke?
Hala garela esaten dute. Oso talde ona dugula onartu behar dugu. Aurreko urteetan oso zaila zitzaigun lehen mailako 18-19 arraunlari edukitzea, baina aurten iazko blokea mantendu dugu, eta hiruzpalau arraunlari berrirekin indartu gara. Oso talde sendoa osatu dugu. Iazko arraunketari eutsi diogu eta lan taldea buru-belarri dago. Iaz baino azkarrago gabiltza eta saiatuko gara banderak irabaziz ligako borrokan sartzen.
Eta Bartzelonako erakustaldia berresteko, asteburu honetan Galizian hitzordu bikoitza izango duzue.
Etzi gozatu egin genuen Bartzelonako banderarekin, atzo atsedena hartu, eta gaur jada topera hasiko gara entrenatzen, Galiziako bi estropadetan pentsatzen.Zailak izango dira: haizea dezente izaten da han, eta estropada eremuak ere zailak dira. Oraindik larunbat-igande dinamikara ohitu gabe gaude, gainera. Beraz, urduritasuna izango dugu berriro ere. Baina une onean gaude, eta burua ere lasai dugu. Konfiantzaz gaude, eta dakiguna erakusten badugu gauzak zail jarriko dizkiegu gainerako traineruei.